Nazioarteko hegemonia berriaz goi mailako hizlariekin, Lanbroa elkarteari esker

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko apirilaren 18a

Mikel Reparaz, Natale Seron, Borja Macias eta Lanbroako Ander Errasti, atzo, Bergarako Seminarixoan.

Bergarako Lanbroa Kultur Elkarteak antolatuta, Egungo ordena geopolitikoa. Hegemonia berriak izenburu zuen hitzaldia antolatu zuten atzo Seminarixoan, luxuzko gonbidatuekin: Mikel Reparaz kazetaria gidari lanetan aritu zen Politika-zientzietan doktore Borja Macias eta Nazioarteko zuzenbidean doktore Natale Seron elkarrizketatzen. 100 lagundik gora elkartu ziren Seminarixoan; antolatzaileak, "oso pozik". 

Lanbroa elkarteko Andoni Larrañagaren eta Ander Errastiren arabera, "goi mailako saioa" izan zen atzokoa: "Mikel Reparazek ETBrentzat egindako erreportaje sorta bateko irudi batzuk jartzen hasi zen hitzaldia, besteak beste, Venezuela, Groenlandia eta Ormuz bezalako puntu beroak aipatzen; gero, Seronek eta Maciasek puntu bero horietan sakondu zuten. Hiru gonbidatuen ezagutza itzela da, eta oso saio interesgarriak izan zen; atzo asko ikasi genuen". 

Reparaz, Seron eta Macias, atzo, Seminarixoko hitzaldian. 

Pertxa elkarteko afarian ezagutza gosea ere ase zuten

Pil-pilean dauden gaiak landu zituzten, gaurkotasun handikoak, eta saioak bi ordu eta erditik gora iraun arren apenas egin zuen alde inork: "Bi lagun altxatu ziren, ezin zirela denbora gehiagoz geratu... Amaieran galdera mordo bat egon ziren eta Seron eta Macias gai izan ziren galdera horiek guztiak oso ongi erantzuteko. Ondoren 20 bat lagun elkartu ginen Pertxa elkartean bapo afaltzeko; mahaiaren bueltan jarraitu genuen hitzaldiarekin baina gertuko eta lagunarteko giroan. Ederra izan zen, bai horixe", diote Larrañagak eta Errastik. 

Maiatzean, historiaurrera bidaia

Atzoko saio arrakastatsuaren ostean, gogotsu daude Lanbroakoak hitzaldiekin jarraitzeko. Maiatzerako bi antolatu dituzte: maiatzaren 8rako Alvaro Arrizabalaga gonbidatu dute, Gipuzkoa. Goipaleolitikoko pasalekua izenburu duen hitzaldirako, eta maiatzaren 15ean, berriz, Amaia Arranz etorriko da Iraultza neolitikoa: teoria eztabaidaezina auzitan izenburu duen hitzaldia eman dezan. Bi saioak Irizar jauregian izango dira, 19:00etan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak