Gazte gara gazte

"Edukia zabaltzerako orduan euskara muga izan daiteke; lan handia dago aurretik"

Eki Letona Erretolatza 2026ko apirilaren 17a

Andoni Etxezarreta, Indonesian, Lombok irlan. (Argazkia: Andoni Etxezarreta)

Ibili munduan proiektuaren sortzailea da Andoni Etxezarreta (Bergara, 1996); bidaiak eta gastronomia uztartzen dituen edukia sortzen du sareetan. 2023an abiatu zuen proiektua, euskarazko edukiaren hutsunea betetzeko asmoz, eta ordutik komunitatea handitzen joan da.

Nola eta zergatik sortu zenuen Ibili munduan kontua?
 
Ibili munduan 2023an sortu nuen, duela 3 urte; aurtengoa laugarren uda izango da. Kontua sortu nuen hutsune bat ikusten nuelako sare sozialetan euskarazko edukiaren arloan. Gaur egun, geroz eta euskaldun sortzaile gehiago daude. Momentu hartan oso zaila zen euskarazko eduki bat aurkitzea sarean. Nik bidaia, gastronomia eta horrelakoak ikusten nituen sareetan, eta aurkitzen nuen guztia gaztelaniaz edo ingelesez ikusi behar nuen. Niri bidaiatzea asko gustatzen zait, eta oso aukera polita iruditu zitzaidan zaletasunak bidaiatzearekin uztartzea. Eta hortik sortu zen Ibili munduan proiektua. Gainera, hitz-joko baten bitartez, Txapela buruan eta ibili munduan esalditik dator sare sozialaren edo proiektuaren izena.
 
Zer da zure helburua proiektu horrekin?
 
Egia esanda, ez daukat helburu konkreturik. Nire nahia da nik bizitzen dudana erakustea eta partekatzea jendearekin. Askotan, jendeak ez dauka aukerarik horrelako bidaia luzeak egiteko; eta sareen bitartez jende horri herrialdeak, paisaiak eta bertako bizitza nolakoa den erakustea izan daiteke helburua. Hor badago esaldiren bat norbaitek esan didana: "Nik ez daukat bidaiatzeko aukerarik, baina zure bideoei esker beste herrialde batzuk ezagutzen ditut". Hori oso polita da niretzat. Nire bizipenak erakustea, eta bizipen horiek erregistratuta izatea, ez bakarrik ikusleentzat, pertsonalki ere hor gordeta egotea, nahi dudanean ikusteko.
 
Zein izan da orain arteko esperientziarik bereziena bidaietan?
 
Bidaia bakoitza desberdina da, eta esperientzia bakoitza oso berezia. Zaila da bakar bat aukeratzea; agian, Amazoniako esperientzia hautatuko nuke: duela bi urte, Peruko Amazonasen bi lagunekin egun batzuk pasatzeko aukera izan nuen. Esperientzia oso polita izan zen: Amazonas basoan galduta lo egiten, kanoarekin gora eta behera animalien artean. Munduko beste txoko batean egotea, leku hain isolatuan, bakean eta naturarekin bat, izugarrizko esperientzia izan zen.
 
Zer zailtasun aurkitzen dituzu edukia sortzerakoan?
 
Zailtasun asko. Lehenengo zailtasuna hizkuntza da. Mundu guztiak daki ez dela berdina euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez edukia sortzea. Uste dut gaur egun geroz eta euskal eduki sortzaile gehiago daudela eta euskarazko edukiak presentzia handiagoa duela sareetan. Baina, hala ere, edukia zabaltzeko orduan euskara muga izan daiteke, eta hor lan handiagoa dago. Beste zailtasun bat da ordu askoko lana dela; lan handia dago atzetik. Agian, ez du ematen, baina bideo bakoitzaren atzean lan handia dago: grabaketak egin, materiala aukeratu, editatu… Eta, batez ere, zaila izaten da oporretan zaudenean.
 
Zer aholku emango zenieke bidaiatzen hasi nahi dutenei?
 
Ausartzea esperientzia berriak bizitzera. Azkenean, kultura berriak, jendea, toki berriak eta historiak ezagutzeak pertsona bezala asko aberasten gaitu. Orduan, nik animatzen dut jende guztia esperientzia horiek bizitzera, baina beti buruarekin: beti kontziente izanda zein arrisku dauden eta zentzuz jokatuz.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak