2020an nagusitu ostean eta iaz, beste lau urterako berrituta, Manu Diaz (Bergara, 1965) 2028a bitartean izango dugu Gipuzkoako Futbol Federazioko buru. Tarte horretan Realak jokatuko duen Kopako bigarren finala izango da zapatukoa. Oraingoan, ordea, Cartuja futbol zelaia eta ingurua jendez beteko da; aurreko finala pandemian jokatu baitzen. Aste berezi honetan, GOIENAri erantzuteko tartetxo bat ere izan du Diazek.
Bi egun falta dira final handirako; urduri ahal zaude?
Egia esan, ez. Oso lanpetuta ibiltzen gara horrelako ekitaldien aurretik; urduritasuna momentuz ez da agertu. Estadioan seguru agertuko dela ezinegon eta urduritasun puntu bat, baina momentuz lasai bizitzen ari naiz finalaren etorrera.
Realak 2021ean jokatu zuen azkenekoz Kopako finala, baina oraingoan zaleekin. Bada ordua, ezta?
Bai, 2021ean, lehendakari bezala, finala Cartujan ikusteko pribilegioa izan nuen. Finala amaitu zenean, han genbiltzan guztiok etorkizunean hori bizitzeko gogoarekin gelditu ginen; hain zuzen, momentu hura Gipuzkoa eta zaletu guztiekin bizitzekoa. Heldu da unea.
Aurten gonbidapenik ez zenutela eta, albisteren bat edo beste ikusi dut sarean. Argitu ahal da kontua?
Sarrerak uneoro izan ditugu. Hasieratik, plana bertaratzea izan dugu, harmailan partida ikusteko. Azkenean, Espainiako Futbol Federazioak gonbita luzatu digu, eta palkoan izango naiz. Bihotza eta burua, ordea, harmailan izango ditut; familiakoak eta lagunak hor egongo direlako.
Futbolak jende mordoa mobilizatzen du; baita Gipuzkoan ere. Herri guztietako jendea doa Sevillara, zer iritzi duzu horren inguruan?
Onerako eta txarrerako, futbola da jende gehien erakartzen duen ikuskizuna. Horrelako oihartzuna aprobetxatu egin behar dela uste dut, gipuzkoarron baloreak zabaltzeko. Gaur egungo gizarteak horrela funtzionatzen du, eta, hori horrela izanda, futbolaren indarra aprobetxatzen eta zabaltzen saiatzen gara gu.
Gainera, Koparen harira, lurraldeko partida guztiak aurreratu edo atzeratu dituzue.
Bai, asteburu honetan ez da jokatuko partidurik; ez eskola mailan, eta ezta federatuetan. Gainera, atzar nagusian aho batez onartu genuen proposamena da Pozik gaude, uste dut horrelako final baten aurrean, horrela jokatu behar dela.
Reala denok ikusten dugu, baina hor azpian Gipuzkoako klub txiki ugari daude lanean. Horientzat ere saria izango da final hau, ezta?
Reala ezin da ulertu Gipuzkoako futbol taldeen lanik gabe. Harrobia emankorra da aspalditik, eta futbolarekiko dugun joera eta harremana ezin hobea. Gipuzkoan, Reala bezalako talde profesionalen lorpenak, Gipuzkoako talde txikienak ere badira horrenbestez.
Gainera, Realak ere badu harrobia zaintzeko filosofia hori.
Jakina, hori argi ikusten da Sanseren ibilbidean, eta gero Realean. Jokalari gipuzkoar ugari daude, eta ikusi dugu posible dela filosofia horrekin lehenengo mailan talde indartsu bat izatea eta final bat jokatzea.
Zuretzat Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente bezala, zer suposatzen du honek?
Gu beste maila batean ibiltzen gara; afizionatu mailako futbolean gabiltza lanean. Dena den, talde profesionalek lortutakoak baldintzatzen gaitu egunerokotasunean. Gipuzkoan futbolean dena kateatuta dago eta uste dut hau txikienentzat batez ere momentu polita dela, eta horrek erakartzen dituela futbolera.
Porra egitera ausartzen ahal zara?
Oso txarra naiz horrelako gauzetan; ez naiz ona pronostikoekin. Titulu bat ospatu nahiko nuke, duela bost urte ospatu genuen bezala. Dena den, zuen baimenarekin ez dut inongo emaitzarik botako.