Itzulia 2026

Itzulia Bergaran "giro bikainarekin" eta "balorazio positiboarekin" amaitu zen

Eki Letona Erretolatza 2026ko apirilaren 17a

Florian Lipowitz, Paul Seixas eta Tobias Haland Johannessen podiumean.

Debagoieneko txirrindularitza-zaleek hitzordu berezia izan zuten apirilaren 11n, zapatua, Itzulia Basque Countryko azken etapa Bergaran amaitu baitzen. Eguraldia lagun izan ez bazen ere, euriak bustitako errepideetan bazter guztietako jendea bildu zen, bai mendateetan eta baita irteera eta helmuga inguruan ere, lasterketa bertatik bertara jarraitzeko.

Kirol arloan, helmugan garaipena Andrew August estatubatuarrarentzat izan zen; Matxiategi kalean altxatu zituen besoak. Sailkapen nagusian, berriz, ez zen ustekaberik izan, eta garaipena Paul Seixas gaztearentzat izan zen; Oxirondoko azoka inguruan kokatutako podiumean jantzi zuen txapela. Eguraldiak –euria, haizea eta hotza– zaildu egin zuen jarduna, baina, aldi berean, ikusleentzat ikusgarriago bihurtu zuten lehia.

Lokatzaren urteurrena, ardatz

Egunak bestelako esanahia ere izan zuen, Lokatza Ziklismo Taldearen 50. urteurrenaren harira egindako omenaldiarekin. Taldeko kide Ion Unamunok azaldu duenez, Itzulia Bergaran amaitzea "oso berezia" izan da, eta halakorik "sekula" ez dela gertatu nabarmendu du.

Unamunoren hitzetan, urteurrena aitzakia hartuta abiatu zuten egitasmoa, eta egindako lanak aitortza jaso du: "Lokatza ziklismo eskolak urte hauetan egindako lana umeei kirol hori erakustea eta balioak transmititzea izan da, eta jasotako omenaldia opari bat izan da guretzat". Halaber, azpimarratu du antolakuntzak lan handia eskatu duela, Itzuliaren dimentsioak ohiko jardunetik harago doazelako: "Lan asko egin dugu, eta herri osoak pilak jarri ditu. Azkenean, erakutsi dugu horrelako ekitaldi bat antolatzeko prest gaudela", gaineratu du. Unamunok zapatuko eguna egun ahaztezina izan zela gehitu du: "oroitu dezagun 2026 urteko apirilaren 11a bizipen paregabe moduan non ziklismoa, sufrimendua eta merezimendua gure herri eta inguruetan bertatik bertara gozatzeko aukera izan dugun".

Udalaren balorazio "positiboa"

Bergarako Udalak balorazio "oso positiboa" egin du. Udal ordezkarien arabera, ohore handia izan da nazioarte mailako proba bat herrian hartzea, eta antolakuntza zein garapena arrakastatsuak izan dira. Itzuliak Bergararen irudia zabaltzeko "aukera paregabea" eskaini duela azpimarratu dute. "Hedabideetan agertzeak eta zaleen arreta erakartzeak herriaren proiekzioan eragin positiboa izan du".

Antolakuntzari dagokionez, erakundeen, eragileen eta boluntarioen arteko elkarlana nabarmendu dute. "Horrelako ekitaldi batek konplexutasun handia du, baina koordinazio onari esker emaitza oso ona izan da", azaldu dute.

Eragin ekonomikoa

Ikuspegi ekonomikotik, Bergarako Udalak 60.000 euroko ekarpena egin du, Lokatza Ziklismo Taldeak bultzatutako egitasmoa babesteko. Itzulera ekonomikoa zehazki neurtzea "zaila" dela onartu arren, sortutako jarduera ekonomikoa eta herriaren proiekzioa kontuan hartuta balantzea positiboa dela uste dute.

Herritarren erantzun zabala

Egunak agerian utzi zuen herritarren eta eragileen inplikazio zabala. Kaleak eta mendateak jendez bete ziren, eta askok gertutik ikusi ahal izan zituzten maila goreneko txirrindulariak Gorlako eta Asentzioko igoeretan lehian. Unamunok dio "zaleak zein zale ez direnak kalera atera ziren", eta giro berezia sortu zen. "Etapa gogorra ikusteko aukera izan zuten: euria, hotza eta sufrimendua. Eta hori bertatik bertara bizitzea oso berezia da", adierazi du.

Bergarako Udalak herritarren erantzuna "oso ona" izan dela gaineratu du, eguraldiak ez lagundu arren: "Aste osoan eguraldi ona egin ondoren, zapatuan baldintzak okertu egin ziren, baina horrek ez zuen jendearen parte-hartzea oztopatu". Bestalde, Itzuliak kanpoko bisitariak ere erakarri ditu, eta horrek mugimendua sortu du herrian. Telebistaren bidez, gainera, Bergararen eta inguruko paisaiaren irudiak nazioartera zabaldu dira.

Etorkizunera begira

Udalak ontzat jo du etorkizunean halako ekitaldiak berriro hartzeko aukera, betiere herriaren- tzat onuragarriak badira eta beharrezko baliabideak bermatzen badira. Bestalde, azpimarratu dute zapatuan bizitakoa "egun handi" gisa geratuko dela herriaren memorian. Ziklismoari, herritarren inplikazioari eta eragileen elkarlanari esker, Bergarak erronkari "nota altuarekin" erantzun zion.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak