Dagoeneko prest dago aurtengo udarako Bergarako Udalak prestatu duen Udakikuka 2026 aisialdi eskaintza. Atzo bertan egin zuten aurkezpena, eta udaleku irekietan, kirol kanpusean, kirol eskaintzan edota Laboratorium museoko ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute ume eta nerabe bergararrek ekainaren 29tik uztailaren 24ra bitartean. Berritasunak ere baditu aurtengo egitarauak; izan ere, Laboratorium museoaren baitan antolatutako zientzia udalekuez gozatzeko aukera egongo da. "Bi asteko udalekuetan haurrek esperimentu, tailer eta jolasen bidez zientziaren mundua ezagutzeko aukera izango dute", azaldu du Bergarako Udaleko Gazteria eta Hezkuntza teknikari Nagore Narbaizak.
Izen-ematea apirilaren 20an, astelehena, irekiko dute, eta udaleku irekietan izena emateko epea maiatzaren 10ean itxiko da eta kirol kanpusean nahiz kirol jardueretan, maiatzaren 3an. Laboratoriumen udaleku zientifikoetan ere maiatzaren 3ra arte eman daiteke izena, eta kanpus teknologikoan, aldiz, plaza mugatuak dira, eta izen-ematea plazak bete arte egongo da zabalik.
Narbaizak gaineratu du udako ekintza horien helburu nagusia dela herriko haur eta gazteei aisialdi euskaldun eta hezitzailea eskaintzea, eskaintzen diren zerbitzuetan "hiru zehar-lerro" nagusi sustatuz, hala nola, euskararen sustapena, hezkidetza eta kulturartekotasuna: "Noski, haurrak ondo pasatzea eta esperientzia positiboak bizitzea ipar bezala hartuz".
Berrikuntza: zientzia udalekuak
Aurreko udetan ere zientziarekin hartu-emana izateko aukera izan dute gazteek, eta oraingoan ere izango dute aukera horretarako, baina udaleku zientifikoen bidez. Horixe da aurtengo udako jardueren berrikuntza, eta 8 eta 11 urte bitarteko gazteek bi astez –ekainaren 29tik uztailaren 10era, goizez– zientzialari bihurtzeko aukera izango dute. "Urtero, zientziaren zabalkunderako jardunaldi solteak eskaintzen genituen, baina egia da, baina esaten genuen mugatuta geratzen zela eskaintza, eta udaleku zientifikoak sortu ditugu", dio Laboratorium museoko zuzendari Rosa Errazkinek. Hamar egunetan astronomo, ingeniari, kimikari edota biologoen paperean sartuko dira parte-hartzaileak.
Halaber, kanpus teknologikoa ere antolatu dute, eta ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek 3D diseinua eta inprimaketa ezagutuko dituzte, edo mekanismo sinpleak eraiki eta zirkuitu elektrikoekin esperimentatu.
Udaleku irekien kudeaketa
Beste urte batez, Jardun Euskara Elkarteak kudeatuko ditu udaleku irekiak. Jarduneko Saioa Garitanok adierazi du aisialdi hezitzaile eta euskaldun izatearen bidetik, herriko udaleku irekiak kudeatzea "oso garrantzitsua" dela. Iaz 368 umek hartu zuten parte, eta 40 hezitzailek.
Hezitzaile izan gura dutenek apirilaren 20tik 28ra bidal ditzakete kurrikulumak, udalekuirekiak@gmail.com helbidera edo Jardunen bulegora: "Lehentasuna izango dute bergararrek. Haurren erreferente bihurtzen dira, eta ze hobe, herrikoak izatea baino. Ume kopuruaren araberakoa izango da hezitzaile kopurua".