2027ko udal egutegirako argazkiak aurkezteko epea ireki du Udalak

Olaia Milikua 2026ko apirilaren 15a

Aurreko urteetan aurkeztutako argazkietako bat. (Argazkia: Bergarako Udala)

Bergarako Udalak onartu ditu 2027ko Udal Egutegia osatzeko argazkiak aurkezteko deialdiaren oinarriak. Urtero bezala, egutegia herriko argazkizaleen lanekin osatu nahi da, eta aurten ere aurkeztu beharreko argazkien gaia librea izango da. Irailaren 25a izango da argazkiak aurkezteko azken eguna. 

Aurten ere, argazkiak aurkezteko aukera izango dute Bergaran jaio diren, bertan bizi diren edo Bergararekin lotura duten herritarrek. Aurkeztutako irudiak Bergaran ateratakoak izan beharko dira edo, gutxienez, Bergararekin lotutako elementuren bat jaso beharko dute (paisaiak, pertsonak edo bestelakoak). Bergararekiko lotura argirik ikusten ez den kasuetan, argazkiek lehentasun txikiagoa izan dezakete aukeraketa-prozesuan, nahiz eta azken erabakia epaimahaiak hartuko duen.

Argazkiak aurkezteko baldintzak

Egile bakoitzak gehienez 25 argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkiak formatu digitalean entregatu beharko dira, 20 x 30 cm-ko tamainan, 300 ppp-ko bereizmenean eta JPG formatuan. Artxiboak CD edo USB bidez aurkeztu ahal izango dira Udaleko Euskara Zerbitzuan, edo bestela posta elektronikoz bidali ahal izango dira euskara@bergara.eus helbidera, artxibo handiak bidaltzeko plataformaren bat erabilita (tori.eus, WeTransfer edo antzekoren bat). Egutegiaren formatuari jarraituz, argazkiek nagusiki formatu etzana izan beharko dute, nahiz eta formatu bertikalean ateratako argazkiekin osatutako multzo horizontalak ere onartuko diren.

Aukeraketa

Argazkien aukeraketa Udalak osatutako lantalde batek egingo du. Aukeraketa prozesuan genero ikuspegia kontuan hartuko da, eta ahalegina egingo da egutegian agertzen diren irudietan emakumeen eta gizonen presentzia ahalik eta orekatuena izan dadin. Egutegian erabiltzeko hautatutako argazkiak ordaindu egingo dira. Era berean, aukeratutako lanak Bergarako Udal Artxibategian jasota geldituko dira, eta Udalak horiek erabili ahal izango ditu etorkizunean, betiere egilearen izena aitortuta. Argazkilariaren ardura izango da beharrezko baimenak lortzea; argazkiak aurkezteak baimen horiek lortuta daudela ulertzea ekarriko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak