"Brigade Loco ezin da ulertu Realarekiko maitasunik gabe"

Koldo Zubia Salas 2026ko apirilaren 14a

Brigade Loco musika taldeko boskotea, Anoeta estadioan. Argazkia: Brigade Loco.

Brigade Loco musika taldeak, Realaren Zaleen Gunean kontzertua emango du; Kopako finalaren egunean izango da, apirilaren 18an, 16:20tik 17:05era. Taldeko gitarra-jole Alex Arteaga bergararra han izango da, eta "ilusio eta poztasun handiarekin" joango direla adierazi du. 

Apirilaren 18a, zapatua, egun handia izango da realzale guztiendako. Gipuzkoa osotik eta Debagoienetik joandako lagun ugari batuko dira Sevillan, Kopako finala ikusteko; Cartujan jokatuko den finaleko sarrerarekin edo sarrerarik gabe.

Realaren jarraitzaile guztiak elkartzeko, hain zuzen, Zaleen Gunea jarriko dute Carlos III. etorbidean; musika eta jan-edanarekin girotuta. Egitarau oparoa prestatu dute; Sune, Janus Lester, Nogen, Tinez eta Brigade Locoren kontzertuak tartean. 

Beste behin, bultzada ematera

Jakina da Brigade Loco taldeko kideak realzale amorratuak direla. Duela urte batzuk Bultzada izeneko abestia kaleratu zuten; Realari eta realzaleei propio eskainitako abestia. Sentimendu hori islatzen duela dela dio taldeko gitarra den Alex Arteagak: "Abestiak ondo funtzionatu duela uste dut; realzaleei heldu zaielako. Adin guztietako jendeak entzun du; txikienetatik hasi, eta helduenetaraino. Nire ustez, nahiko abesti itsaskorra den heinean, letrarekin ere jendea identifikatuta sentitu da; letran islatuta sentitzen zarenean, barruraino sartzen den zerbait izaten da, eta realzale izatea ere sentimendu bat da". Era berean, Anoetan atsedenaldietan jartzen dute euren abestia, eta, hori ere, "ohore handia" dela dio bergararrak. 

Sevillan eskainiko duten kontzertuaren harira, beste jarraitzaile guztiak bezala joango direla esan du Arteagak: "Gure belaunaldiak ez du Realaren final bat bertatik bertara bizi ahal izan; aurrekoak konfinamenduan harrapatu gintuelako. Poztasun eta ilusio bereziarekin biziko dugu aurtengoa". Alabaina, horrelako egun seinalatuan jotzea "berezia" izango dela ere esan du, eta kontzertuarekin euren "aletxoa" jartzen saiatuko direla.

Reala izan da Brigade Locokoak musika talde bezala elkartu zituen arrazoietako bat. "Brigade Loco ezin da ulertu Realarekiko maitasunik gabe. Taldea sortu aurretik, elkarren berri bagenuen arren, Realarekiko maitasuna da batzen gaituen arrazoi nagusienetarikoa", dio Arteagak. Horregatik, partiduaren ordua iristen den heinean "urduriago" sentituko dela aitortu du; normala den moduan, realzale guztiek bezala, Realak "partidua irabaztea" gura duelako. 

'Bultzada' bideoklipa

Realaren Zaleen Guneko egitaraua

  • 11:00-11:45: Txolas dj-a.
  • 11:45-12:15: Zeatikez.
  • 12.30-13:00: Tinez. 
  • 13:00-13:40: Alex del Toro dj-a. 
  • 13:40-14:25: Nogen.
  • 14:25-14:45: Txolas dj-a.
  • 15:00-15:45: Janus Lester.
  • 15:45-16:20: Konexioa Donostiarekin eta ekintzak zaleekin.
  • 16:20-17:05: Brigade Loco.
  • 17:05-17:40: Alex del Toro dj-a.
  • 17:40-17:45: Txurdin.
  • 17:45-18:30: Sune.
  • 18:30: Kalejira estadiora, Ilargi txarangak girotuta.
  • 19:00-20:30: Txolas dj-a.
  • 20:30-21:00: Konexioa Donostiarekin.
  • 21:00-23:00: Finala.
  • 23:00-00:00: Aitor Garcia dj-a.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak