Apirilaren 20tik 26ra bitartean ospatuko dute Apirilean musika ekimenaren XXII. aldia. Bergarako musika eta dantza eskolako neska-mutilek aste osoko egitaraua izango dute, eta askotariko ekintzak egingo dituzte egun horietan. Hilaren 20an, 18:00etan emango diote hasiera zikloari eskolan, eta instrumentua aukeratzeko saioa izango da. Hurrengo egunetan, musika eta dantza emanaldiak, kontzertuak, solasaldiak eta bestelakoak izango dituzte.
Apirilaren 23an, eguenean, egingo dituzte ikastetxeentzako saioak, goizez eta arratsaldez. Bestalde, arratsalde horretan, 18:00etan erromeria, trikitixak, perkusioak eta dantzariak egongo dira Espoloian, eta ordu berean, Aroztegin, saxofoi, klarinete eta oboe emanaldia egongo da. 19:00etan, berriz, biolin eta biolontxelo emanaldia egingo dute Mizpirualdeko elizan.
Nabarmentzeko beste hitzordu bat apirilaren 22an izango da, musika eskolan. Neomak musika taldeko Irati Gutierrez eta Leire Etxezarreta izango dira gonbidatuak, eta 19:30ean hasiko den hitzaldi musikatua egingo dute.
Hilak 26, domeka, emango diote bukaera egitasmoari kontzertu berezi batekin. 18:00etan hasiko da, Usondo parkean (eguraldi txarrarekin udal pilotalekuan izango da), eta "egun horretarako sortutako orkestra batek" jotako kontzertua dela jakinarazi dute: "Eskolako orkestraz gain, eskolako ikasle gehiagok parte hartuko dute, baita inguruko herrietatik etorritako gazteek ere; esaterako, Oñatitik, Zumarragatik eta Arrasatetik etorritakoek. Orkestrarekin batera herriko jubilatuen abesbatzak eta abeslari gazteek parte hartuko dute". Azaldu dute ekimenaren helburua dela "musika partekatzea, belaunaldi eta herri desberdinen arteko harremanak indartzea eta ikasleei esperientzia aberasgarria eskaintzea".