440 zikloturista irten dira Itzulia Basque Country martxan

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko apirilaren 12a

Zirimiriarekin irten dira 08:00etan Bergarako Matxiategi kaletik; atzoko etapako helmugatik. Zinta moztu aurretik zikloturistek keinu bat izan dute Lokatza txirrindularitza elkartearekin. 50. urteurrena dela-eta, zorion pankarta atera dute.

Itzulia bukatu eta hurrengo egunean zikloturistek egin ohi duten Itzulia Basque Country martxa Bergaratik irten da gaur goizean. 440 lagunek hasi dute martxa zirimiripean.

Bi ibilbide ditu martxak: 71 kilometrokoa –1.700 metro arteko desnibelarekin–; eta Itzuliko etaparen parekoa bestea, 133,8 kilometrokoa; 3.000 metroko desnibelarekin. Egiari zor eta euriaren eraginez ibilbide luzerako izena emandako batek baino gehiagok erabaki du, azkenean, motza egitea.

Tropelaren osaerari dagokionez, parte-hartzaileen % 7,1 emakumeak izan dira. Aurreko edizioarekin alderatuta, kopuru horrek gora egin du nahiz eta antolatzaileek adierazi duten oraindik badagoela bidea emakumeen parte-hartze maila hobetzeko.

Adin-tarteei dagokionez, parte-hartzaileen % 84,1  izan dira 25 eta 54 urte artekoak. Txirrindularien jatorriari dagokionez, sei herrialdetako parte-hartzaileak izan dira. Ziklisten %23,8 izan dira gipuzkoarrak eta frantziarren presentzia aipatzekoa izan da; % 23,9. 

Itzulia Challengeko zuzendari Javier Riañok eman du irteera zuzendariaren autotik bandera gorria altxatuz, 08:00ak jo berritan. 

Keinua Lokatzari

Irten aurretik zikloturistek keinu bat izan dute aurten 50 urte betetzen dituen Lokatza txirrindularitza taldearekin. Zorionak zioen pankarta bat zabaldu dute eta martxako esatari Gorka Etxabek txirrindulari taldearen ibilbide luzea eta urteetan egindako lana azpimarratu du.

Lehen zikloturistak 11:00etan helduko dira Bergaran dagoen helmugara. Gainerakoek 14:00ak arteko epea dute horretarako. Ondoren, bazkaria egingo dute.

Itzulia Basque Country martxak ez du zirkulazioan mozketarik eragingo. Hori bai, txirrindulari asko dira errepidean eta autoen eta txirrindularien elkarbizitza sustatzeko dei egin dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak