Bergarako Errekalde parkeak albiste botaniko berriak dakartza. Jose Antonio Aperribai botanika adituak azaldu duenez ikustekoa da liliazea familiako Alliun neapolitanum landarea nola ugaritu den. "Mediterraneoko planta izanik oso urria da Euskal Herrian", adierazi du.
Aperribaik azaltzen du Gasteizen eta Zumaian antzeman zutela lehen aldiz orain urte batzuk, baina "oso landare gutxi" zirela. Bergaran ere loratzen dela eman du aditzera Aperribai, Errekalde parkean hain zuzen ere eta urterik urtera errotik mozten badute ere –landareak hazirik ez botatzeko eta ez ugaltzeko– indartzen ari dela.
"Zorionez ikasten goaz eta aurten ez dira landareak moztuko. Pentsatzekoa da hurrengo urteetan loraldi are eta ikusgarriagoak izango direla. Gauzak ondo bidean, landarearen genomaren biziraupena bermatzeko erreserba izango da Errekalde, bai behintzat Gipuzkoako inguruotan", adierazi du.
Agabe landareak kimu berria
Bestetik, iaz albiste izandako Agabe landarearen inguruan badaude nobedadeak. Alde batetik, landare horren inguruan ugariagoa delako Alliun neapolitanum lorea, eta, bestetik, bere hostoen handitasunak ekidin egin duelako lorezainak azpian loratutako landare berriaren kimuak moztea. Horrek haziak ugaltzea ahalbidetu du.
"Eta hori da gaur gaurkoz egoera: landarea ugaldu eta ugaritu egin da. Eta beste kontu bat: moztutako Agabe landarearen hondarretatik kimu berri bat sortu da", azaldu du Aperribaik. Adituak dio metro batekoa dela honezkero kimua eta Laboratorium museoko Agabearen genoma daramala %100ean.