San Joxepe elkarteak urteko batzar nagusia egin du

Eki Letona Erretolatza 2026ko martxoaren 31

Martxoaren 26ko batzar orokorra. (Argazkia: San Joxepe Elkartea)

San Joxepe Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak urteko batzar nagusia egin du, eta bertan landutako hainbat datu eta ondorio plazaratu nahi izan ditu, bazkideei nahiz interesa izan dezaketen herritarrei informazioa helarazteko asmoz.

Joan den martxoaren 26an egin zen batzarra, elkartearen egoitzan, eta ordubete inguruko iraupena izan zuen. Bertan, 2025eko jardueraren balantzea aurkezteaz gain, 2026rako egitarauaren lehen zirriborroa ere azaldu zuen zuzendaritza batzordeak.

Bazkide kopurua

Lehenik eta behin, elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie Bergarako Udaleko arduradunei. Nabarmendu dutenez, herriko erroldaren %25 inguru 65 urtetik gorakoa da, eta kolektibo horren barruan, ia laurden bat San Joxepe elkarteko kidea da; datu hori pozgarria dela adierazi dute. Bazkidetza datuei dagokienez, elkarteak hazten jarraitzen du. 2025ean 140 alta eta 75 baja erregistratu dira, eta guztira 1.870 bazkideko kopurura iritsi da. Horietatik, 310 bazkidek 87 urte edo gehiago dituzte.

Asistentzia

2025eko jarduerari dagokionez, urtean zehar milaka lagun mobilizatu direla azaldu dute. Memorian jasotako datuen arabera, gutxienez 4.100 lagunek parte hartu dute antolatutako ekintzetan. Jardueretara asistentzia, besteak beste, 87 urte betetzen dituzten herritarrentzako omenaldia egin da Bergarako Udalarekin elkarlanean. 86 gonbidatutik 39 lagun bertaratu ziren ekitaldira, eta 43k jaso zuten oroigarria.

Jarduera iraunkorren artean, parte-hartze handia izan dute hainbat ekintzek. Yoga saioetan 49 lagun aritu dira, tai chi-n 59, dantzan 49 eta koruan 45. Bestalde, podologia zerbitzuak 524 erabilera izan ditu urtean zehar.

Irteera eta bidaietan ere parte-hartze handia izan da. Besteak beste, sagardotegira egindako irteeran 173 lagunek parte hartu zuten, Costa Brava eta Aran bailarako bidaian 101ek, eta Madrilera egindako bi bidaietan 102k.

Herriko ospakizunek ere jende ugari bildu dute. Udaberriko festan 250 lagun inguru batu ziren, Gaztañerre egunean 225 eta San Tomas egunean 185.

Arlo kulturalari dagokionez, informatika ikastaroak, musika jarduerak eta bestelako tailerrak antolatu dira urtean zehar. Horien artean nabarmentzekoa da urrian egindako Kulturaldia, 378 parte-hartzailerekin.

Elkarteak nabarmendu du, halaber, beste erakunde eta elkarteekin egindako lankidetza. Besteak beste, udaleko sail ezberdinekin, osasun zerbitzuekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean aritu dira, belaunaldien arteko harremanak sustatzeko helburuarekin.

Balantze ekonomikoa

Elkartearen eguneroko jarduerak ere goranzko joera erakusten du. 2025ean, 192.960 sarrera zenbatu dira San Joxepeko egoitzan, aurreko urteetako datuen gainetik. Zabalotegi eta Martoko guneetan ere mugimendu handia izan dela azaldu dute.

Azkenik, 2025eko balantze ekonomikoa ere aurkeztu da: 330.847 euroko diru-sarrerak eta 320.876 euroko gastuak izan dira, eta urte amaieran 3.757 euroko emaitza positiboa lortu du elkarteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak