Itzulia 2026

Itzulia, hainbat debagoiendarren ikuspuntutik

Koldo Zubia Salas 2026ko apirilaren 5a

Goian: Iñarra, Gabilondo, Irizar, Garai eta Etxabe; eta azpian: Plaza, Kortabarria, Urrutia, Errasti eta Lizarralde

Itzuliaren etorreraren bueltan galdetu diegu txirrindularitza munduan dabiltzan hamar debagoiendarri; honakoei: Beñat Iñarra, Olatz Gabilondo, Markel Irizar, Xubane Garai, Jokin Etxabe, Itxaso Plaza, Jesus Kortabarria Kaxeta, Eneritz Urrutia, Unax Errasti eta Mikel Lizarralde. Gehienek Itzulia etxetik hain hurbil egotearen poztasuna nabarmendu dute; porra ere egitera animatu dira batzuk.

Beñat Iñarra (Caja-Rural-Alea taldeko txirrindularia.): "Paul Seixas! eta bigarren, Isaac del Toro; hori da nire apustua. Hala ere, uste dut oso parekatuta egongo dela Itzulia bi horien artean. Bergarako azken etapak saltsa emango du; ibilbide gogorra eta polita da, gerra egongo da seguru. Nire kasuan, ez dakit etapa ikusterik ahal izango dudan, astebururo ditugu lasterketak eta zaila izango da".

Olatz Gabilondo (Lokatzatik igarotako txirrindulari ohia): "Egun oso berezia izango da, Itzuliko etapa bat etxean izatea oso polita da. Gainera, Lokatzaren 50. urteurrena izateak are bereziago egingo du eguna. Azken etapa dela kontuan hartuta eta ibilbidea ikusita, sailkapen nagusiaren bila doazenenen arteko lehia espero dut. Eguna borobiltzeko, ederra izango zen euskaldun baten garaipena ospatzea".

Markel Irizar (Lidl-Trek taldean zuzendari laguntzailea): "Txirrindularitza maitatzen dugun guztiontzako da berezia Itzulia; are gehiago txirrindularitza barrutik bizi ahal duen batentzat. Oso Itzuli polita aurreikusten dut, maila handiko txirrindulariekin. Ez dakit, buruarekin edo bihotzarekin esaten dudan, baina nire faboritoa gure taldeko Juan Ayuso da; erlojupekoa oso ondo etortzen zaio eta mimo handiz prestatu du lasterketa".

Xubane Garai (Dorletako Aman entrenatzailea): "Hain polita den lasterketa bat, eta hainbeste maite dugun Itzulia, gure etxeetako ateetatik igarotzea ederra da. Bailara honetan, txirrindularitza harrobiak beti izan du indarra, eta, entrenatzaile naizen heinean, haurren ilusioa nabaritzen dut. Eurek entrenatzen duten errepideetan, horrelako lasterketa izateak, harrobia gehiago indartzeko balioko du". 

Jokin Etxabe (Lokatzatik igarotako txirrindulari ohia): "Bergaran horrelako lasterketa bat bukatzea oso garrantzitsua da, eta poztasuna ematen dit. Gorla bi aldiz pasatzeak, gainera, beste puntutxo bat ematen dio Bergarako identitateari. Hiru faborito nagusi ikusten ditut: Del Toro, Roglic eta Ayuso. Besteen gainetik daude horiek. Poza emango lidake Ion Izagirrek, bere azkenengo Itzulian, etaparen bat irabazteak".

Itxaso Plaza (Igamo Packaging taldeko txirrindularia): "Berezia izango da aurtengoa. Lokatzako txirrindularia izanda, pozgarria da etapa amaiera Bergaran izatea; sekulako giroa egongo da, seguru. Nik ezingo dut lasterketa ikusi, Pontevedran lasterketa bat dudalako, eta pena hori dut. Betiko txirrindularien lehia espero dut, baina pertsonalki euskaldun batek etaparen bat irabazteak poztuko lidake niri".

Jesus Kortabarria Kaxeta (Lokatzan laguntzailea): "Itzuli interesgarria izango da, desnibel askoko etapa gogorrekin; uste dut Eibarkoa izango dela gogorrena. Kostata lortu da etapa Bergarara ekartzea, eta omenaldi bat izango Lokatzan lanean ibili garenon eta dabiltzanentzako; baita herriarentzako ere. Espero dut lehia Bergaran erabakitzea, eta euskaldunen bat sailkapen nagusia lehiatzen ikustea".

Eneritz Urrutia (Lokatzan ibilitako triatleta): "Errepidean, txirrindularitzak, Itzuliak eta euskarak bat egiten dute, horregatik garrantzitsua lasterketa bat gure ingurura ekartzea. Ibilbidea ikusita, pelotoia azkar apurtuko delakoan nago. Ez dut faboritorik baina euskaldunak ondo ibiltzea nahiko nuke, baina badakigu nolako kirola den hau; txirrindulari bakoitza bere tokian jartzen duena".

Unax Errasti (Finisher taldeko txirrindularia): "Ilusioa ematen dit Itzulia errepide hauetan erabakitzeak. Denok dakigu lasterketetan Gorlak duen garrantzia, eta, 50. urteurrena ospatzeko, kristona iruditzen zait Lokatzak hau antolatu izana. Ayusok Paris-Nizan hartu zuen zartakoa ikusita, Seixas eta Del Toro ikusten ditut besteen gainetik. Ea bertan izaterik dudan, lasterketarekin gozatzeko".

Mikel Lizarralde (Lizarralde Kirolak dendaren fundatzailea): "Ederra da etapa bat etxe ondoan ikusi ahal izatea. Aurten Lokatzaren 50. urteurrena da; Ion Unamuno buru, lan asko egiten ari dira Bergaran eta omenaldi polita izango da eurentzat. Aralar eta Eibarko etapak dira gogorrenak, eta, errematatzeko, Gorla dator. Del Toro, Roglic, Ayuso... gogoa badute edozer egin dezakete. Seixas ere indartsu dator".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak