Itzulia 2026

Ion Unamuno: "Pello Garitanoren eta bion arteko elkarrizketetan atera zen Itzulia ekartzeko ideia"

Koldo Zubia Salas 2026ko apirilaren 4a

Ion Unamuno, Itzuliko aurkezpenean, Seminarixoan.

Kiroltasunean heztea ardatz, 50 urteko bidea egin du Lokatzak; egindako lanaren oparia izango da Itzuliaren etorrera. Gaur egun, Ion Unamuno dabil taldeko zuzendari lanetan, baina urte guzti hauetan, pertsona ugarik jarri du bere aletxoa.

Gutxik jakingo dute, duela 50 urte, Lokatza Ziklismo Eskola, futbol talde bat bezala jaio zela 1976. urtean. Garai hartan, haur eta gazteak futbolean aritzeko elkarte gastronomikoen laguntzaz aritzen ziren txapelketetan, eta bazeuden jokatu nahi bai, baina talderik ez zutenak. Haurrek, Zabala Farmaziako Luis Mari Zabalarengana jo zuten. Zabalak, futbolari izandako Lizarbururi eskatu zion laguntza, eta, Lizarburuk berriz, Lokatza izeneko kuadrillako lagun bati: Bittor Wangenebergeni. Honek, entrenatzaile izateko jendea lortu eta martxan jarri zuen proiektua. Barrenkale 76 izena jarri zioten gazteek; entrenatzen zuten kalearen izena.  

Dena den, Lokatza izeneko kuadrillakoak txikiteatzen zebiltzan egun batean, taldearen izena Lokatza izatearen trukean, gastuak koadrillak ordaintzea ideia sortu zitzaien; eta hori egin zuten. Horrela jaio zen, garai hartan Lokatza Gazte Erakundea bezala ezagutuko zena. Gerora, saskibaloi, kros edota skate taldeak sortu ziren eta bide beretik etorri zen txirrindularitza taldea sortzeko ideia. Intxorta tabernan hizketan zebiltzala, Fermin Hernandeze eta Julian Porturi otu zitzaien ideia, eta eurak izan ziren proiektuaren lehenengo bultzatzaileak. Igor Garitano izan zen taldeko lehenengo txirrindularia, eta, lehenengo lehendakaria ostera, Juanito Suinaga. Juanito zendu zenean, 80. hamarkadan, besteak beste, Jesus Kortabarria Kaxeta, Pello Garitano eta Miguel Angel Larrañagaren txanda iritsi zen. Gaur egun, Ion Unamunok du ardura hori, baina alboan izan ditu Iñigo Iñarra, Xabier Uribesalgo, Iñigo Larrañaga eta Iker Sanchez juntakideak ere.

Nola gogoratzen dituzu lehenengo urteak Lokatzan?

2000. urtean utzi nuen txirrindularitza. 2006. urtearen bueltan, Iñigo Larrañaga eta Iker Sanchezek Lokatzan sartzeko deialdi bat egin zuten. Txirrindularitzak niri emandakoa bueltatzeko ordua zela pentsatu nuen, eta entrenatzaile sartu nintzen klubean.

Zein izan da 50 urtez Lokatza mantentzeko sekretua?

Borondatea egon dela esango nuke. Hemen gabiltzanok, borondatez eta gustuko dugulako gabiltza hemen. Txirrndularitzaren bidez, kiroltasunean heztea izan da gure lehentasuna, eta konturatu orduko 50 urte bete ditugu.

Erreleboaren kontua ezinbestekoa izango da, ezta?

"Lokatzan lanean gabiltzanok, borondatez eta gustuko dugulako egiten dugu"

Bai, beste arlo batzuetan bezala, ezinbestekoa da. Gustura gaude, baina, gauzak egiteko modua denborarekin aldatu egiten da; gazteek lan egiteko modu berriak barneratuta dituzte. Klub batean jende berria sartzea da gerta litekeen gauzarik onena.

Bergaran sortu zen Lokatza, baina Antzuola eta Elgeta ere ezin dira ahaztu. Ezta?

Noski, Lokatza hiru herri horien bigune bat da, txirrindularitza oinarri hartuta. Herri horietatik kanpoko jendea ere egon da laguntzen, baina herri horietan dugu oinarria. Antzuolako jende ugari egon da laguntzen, eta, guretzat, euskarri sendoa dira. Elgetan, egia esan, ez dugu harreman askorik eduki eta bertako jendea erakartzea falta izan zaigu; etorkizunera begira horri buelta bat eman beharko diogu.

Julen Irizar, Mikel Aristi, Eneko Lizarralde, Jokin Etxabe; zer izan zen hura?

1993-1995 urtean jaiotako txirrindulariak dira; sekulakoa izan zen. Urte batean, bergarako lau txirrindulari izan genituen profesionaletan; kamiseta bat ere atera genuen. Helburua, kiroltasunean pertsonak heztea da, baina gure taldetik pasatakoak profesionaletara heltzea, harro sentitzekoa da. Orain ere, profesional izateko bidean dira Unax Errasti eta Beñat Iñarra.

Emakumezko taldearen apustua hor duzue, Igamo Packagingekin.

Iker Sanchez izan da horren bultzatzaile nagusia, dudarik gabe. Duela bost urte sortu zen ideia, eta poliki-poliki borobiltzen joan gara. Bailarako neskak dira eta oso pozik gaude sortu dugun lagun taldearekin.

Itzulia Begarara ekarriko duzue; nondik dator ideia?

"Urte batean, Bergarako lau txirrindulari izan genituen profesionaletan"

Pello Garitano eta ni ibiltzen ginen, handik ona, babesle bila. Denbora asko pasatzen genuen elkarrekin eta, Itzuliko etapa ekartzearen ideia sortu zen. 2026ko data proposatu genuen, eta hala hasi ginen lanean. Pello hil zenean, semeari eman genion asmo horren berri. Ondoren, Itzuliko antolakuntzarekin hizketan hasi ginen, eta, eurek etapa non gura genuen erabakitzeko esan ziguten; amaiera izatea erabaki genuen, zalantzarik gabe. Ibilbidea prestatzea, babesleak aurkitzea... ez da erraza izan, baina eguna iristen denean, Bergarako etapa amaierak asebeteko gaitu. Gainera, Itzuliaren etorrerak, inguruko errepideen eraberritzea ekarri du eta horrekin ere pozik gaude.

Zalegoak eskertuko du lasterketa gutxienez birritan ikustea, hala?

Eguraldiak laguntzea izango da kontua. Gorla eta Asentzio, Gorla eta helmuga, bi pasaerak toki beretik ikustea... aukera asko daude zalegoarentzat.

Zer suposatu du Lokatzak zuretzat?

Egia esaten badizut, nire mugikorreko doinua Lokatzako ereserkia da. Bai txirrindulari bezala, eta bai laguntzaile bezala, lagun ugari egin ditut gustuko dudan kirol honetan. Ez nuke jakingo hitz batekin esaten; gauza handia izan da niretzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak