Bazkalostean ere martxan jarraituko du Erramu-zapatuko egitarauak

Gontzal Belategi Zubia 2026ko martxoaren 27a

Debagoieneko TAKE taldea kontzertua jotzen, Oñatin. (Argazkia: TAKE)

Herri kirolen saio parte-hartzailea egingo dute, lehenengoz; TAKE eta Zutik taldeen musikak borobilduko du eguna.

Erramu-zapatuko egitarauak ez du etenik izango bazkalostean. 17:30ean, Seminarioko patioan egingo dute arratsaldeko lehen ekintza, herri kirolen saio parte-hartzailea. Eguna borobiltzeko, berriz, Debagoieneko TAKE taldearen eta Zutik erromeriaren kontzertuak izango dira Munibe plazan, 20:00etan hasita.

Herri kirolak, berrikuntza

Herri kirolen saio parte-hartzailea izango da berrikuntza nagusia. Normalean, zezentxoak dira arratsaldeko protagonista, baina, Kultura zinegotzi Maite Usabiagak azaldu duenez, egitaraua antolatzen hasi zirenean indarrean zeuden dermatosi nodular kutsakorra prebenitzeko neurriek ezinezko egin zuten hura programatzea: "Feria antolatzen hasi ginenean, gaitz hura zela-eta ezin ziren zezen-ikuskizunak antolatu, eta beste aukera baten alde egin genuen".

Kuadrilla arteko olinpiadak izango dira saioaren ekintza nagusia, eta bertan, lau pertsonako hamar talde misto elkarren artean lehiatuko dira. Atzo itxi zen izen-ematea, baina, hala ere, probaldietan parte hartzeko aukera egongo da. Harri-jasotze eta aizkora erakustaldiekin bu- katuko da saioa.

Amaiera, musikarekin

Kontzertuak izango dira eguneko azken ekintzak. Bergarako, Oñatiko eta Arrasateko musikariek osatutako TAKE taldeak punk doinuak eramango ditu oholtzara. Amaitzeko, berriz, trikitiak izango du protagonismoa, Zutik erromeriarekin. Kontzertu horiek Korrika Kulturalaren baitan antolatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak