Ohiko hitzordua da Erramu-zapatu bezperako bertso saioa. Aurten ere ez du hutsik egingo, eta lau bertsolari izango dira, 20:00etan, Seminarixoan: Beñat Gaztelumendi, Oihana Bartra, Julio Soto eta Ane Zuazubiskar arrasatearra. Gaiez, berriz, Kopla Barik bertso eskolako Ibon Leibar Txinbo arduratuko da.
Bertsozaletasunari eutsi
Sarrera gehienak salduta daude dagoeneko, eta gelditzen diren gutxiak seminarixoa.eus atarian eskuratu daitezke, zortzi euroren truke. Pozik dago Leibar herritarrek saioari egiten dioten harrerarekin: "Urtero egiten dugun saioa da, eta ia urtero egoten da beteta, bertsolari bat zein beste ekarri. Ohitura bilakatu da, eta jendea gustura etor- tzen da bertso saioa entzutera".
Korrikaren bezperan
Zapatuan zeharkatuko ditu Korrikak Bergarako kaleak, goi- zaldean, eta horrek saioaren ordua aldatzea ekarri du: "Normalean, afalostean egiten da saioa, 22:00etan, baina, aurten 20:00etara aurreratu dugu". Oztopo bat izatetik urruti, horrek saioa "politagoa" egingo duela uste du bergararrak, eta iragarri du Korrika "presente" egongo dela saioan zehar.
Ondo pasatzeko saioa
Umorea izango da nagusi Seminarixoan: "Umoretik jotzen saiatzen naiz, entzuleek ondo pasatzea izaten da asmoa. Jendeak eskertzen duela esango nuke". Bestelako gai batzuk ere izango dira: "Aktualitatearekin lotutako bizpahiru gai mardul egongo dira, bertsolariek edukia ere sartu dezaten".
Puntako bertsolariak
Leibarren ustez, kartel dotorea osatu da aurtengo saioan: "Beti etortzen dira bertsolari oso onak, eta aurtengoa ere saio dotorea izango da. Guztiak heldu izan dira txapelketa zein sariketa garrantzitsutako finaletara, eta txapelak ere irabazi izan dituzte". Zuazubiskar izango da bailarako bertsolarien ordezkaria oholtza gainean, eta gogotsu dago kanturako: "Bailaran badira urtero-urtero errepikatzen diren saio batzuk, eta hau da horietako bat. Egia esan, gogotsu nago, ilusioa egin zidan".
Arrasatearraren ustez, normala da antolatzaileek inguruko bertsolariak kontuan hartzea: "Logikoa da, bailarako bertsolariak beti ezagutuko duelako herrian zein gai egon daitekeen pil-pilean, edo erreferentzia gertukoagoak izan ditzakeelako".