Tailerrak eta erakustaldiak goizean zehar, jai giroan bete-betean murgiltzeko

Ibai Irasuegi Garai 2026ko martxoaren 27a

Iker Gabilondo bergararra erakustaldia egiten. Argazkia: Iker Gabilondo.

Aurtengo Erramu-zapatuan ez dira faltako urteroko artisau-postuak San Martin eta Munibe plazetan. Guztira 70 artisau-postu egongo dira goizean zehar, eta tailerrak eta erakustaldiak ere egongo dira.

Iker Gabilondo bergararrak forja tradizionala eta metalezko zaharberritze-lanak egiten ditu. Duela bost urte hasi zen erakustaldiak egiten, haren izena ezagutzera emateko, eta, geroztik, Aretxabaletan duen Sualai Forja tailerrean enkargu bidez egiten dituen lanez gain, lanen erakusleiho bilakatu dira herriz herri egiten dituen azokak. "Lan egiteko modu tradizional bat izanda, ez da oso ohikoa horrelako erakustaldiak egitea. Gainera, jendeak ogibidea bizirik dagoela ikusten duenean, atentzio handia pizten dio, eta ikusten dut jendeari asko gustatzen zaion zerbait dela forja", adierazi du Gabilondok.
 
Zapatu goizean Munibe plazan jarriko du postua, eta dagoeneko amaituta eta salgai dauden piezak jartzeaz gain, jendearen aurrean metala lantzeko egiten diren "oinarrizko teknika" batzuk erakutsiko dituela azaldu du Gabilondok. Pieza txikien forja-erakustaldia izango da, "hain zuzen, jendeak ikusteko forjazko pieza bat lantzeko unean nola luzatu, okertu, bihurritu edo zabaldu daitekeen materiala". Horretarako, postura eramango ditu metala lantzeko erabiltzen dituen sutegia eta tresneria. "Egiten duguna da teknika tradizionalak garatu, eta jendeak ukitu txikiak nola egiten diren ikusten du. Azken finean, kalean ezin direlako konplexutasun handiko lanak egin".
 

Artile-tailerra

Nagore Intxausti artzain nafarrak artilearearekin lotutako tailer parte hartzailea egingo du San Martin plazan. 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, eta, behin ardiari ilea moztu eta garbituta, eskarmentatzeko, kardatzeko eta goruarekin haria egiteko prozesuak erakutsiko ditu Intxaustik.
 
Erakustaldi parte hartzailea izango da, eta gailuak martxan jarri eta azalpenak emango dizkie ikusleei, artilezko lanak egiteko prozesua zein den erakusteko. Horrez gain, bertan ikusi ahalko dira, besteak beste, Intxaustik artilea erabiliz egindako zapatak, gerriontziak, barne-zolak, garbigailurako bolak, mitoiak, xaboi-esponjak, loreontziak eta yogarako kuxinak. 
 

Nerea Intxausti artilea lantzen. Argazkia: Nerea Intxausti.

Eskaintza zabala San Martinen

Artisau-postuen epizentro izango da San Martin plaza, eta eskaintza zabala izango du, salmenta-guneez gain bestelako ekimen batzuk ere egingo baitira. Besteak beste, artisau-postuen berritasunez gain, Elikaeneak antolatutako zuzeneko sukaldaritza saioa egingo dute, Erlantz Olabarria erlezain bergararrak buztinez eta konpostez osatutako hazi-bolak izango ditu hizpide erleen bizi-iraupenaren bueltan hitz egiteko, eta Ekoudalatx Mintegi Ekologikoaren eskutik sendabelarrekin kolpeentzat stick-ak egiteko tailerra izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak