Lehen mailan heldu da albisterik onena: Bergarako Zaleak A taldeak kategoriari eustea lortu zuen, eta, horrenbestez, Gipuzkoako lehen mailan sendotzea. Txapelketan zehar ibilbide erregularra egin zuen, eta maila handiko aurkarien aurka emaitza onak eskuratu. Jaitsiera saihesteko ligaxkan, zortzi taldetatik bosgarren postuan sailkatu zen.
Lehen mailan egonkortuta
Klubeko ordezkari batek azaldu duenez, lehen mailako helburua argia zen denboraldi hasieratik: "Helburu nagusia lehen mailako taldea egonkortzea zen, eta helburu hori ondo lortu dugu". Gainera, azpimarratu du maila horretan egoteak garrantzi berezia duela: "Lehen mailan talde bat izateak mapan kokatzen gaitu. Exijentzia handikoa da, eta erakutsi dugu Bergaran gai garela hor goian egoteko".
Taldearen arrakastaren gakoa erregulartasuna izan dela azpimarratu dute: "Emaitza positiboak lortu ditugu astebururo, eta ez da jardunaldirik egon desastre hutsa izan denik, eta azken jardunaldiari begira egoera ez zen erraza; 0-4 galduz gero jaitsi egingo ginen, eta punturen batekin, berriz, salbatu. Azkenean, ondo bete genuen helburua".
Azken jardunaldian jaitsiera
Bigarren mailan, aldiz, ez zen zorterik izan. Bergara taldeak ezin izan zion mailari eutsi, puntu erdiko aldeagatik. Hamaika jardunalditan zehar ibilbide gorabeheratsua egin zuen, emaitza onak eta kaskarragoak tartekatuta. Azkenean, Bergarak eta Goierriko taldeak galdu zuten maila. Klubeko kideak azaldu duenez, azken emaitza kolpea izan da. "Bagenekien lehia handia egongo zela, eta hala izan da. Azkenean, diferentziak oso txikiak izan dira; 5-6 talde puntu bakarreko aldearekin geunden, eta guri tokatu zaigu jaistea.
Guk ez genituen emaitza txarrak lortu, baina beste taldeen emaitzak kontra izan genituen, eta hori azpimarratzekoa da, nire ustez".
Etorkizunari begira, klubak argi du bidea. Bigarren mailara itzultzea izango da helburu nagusietako bat: "Uste dugu badaukagula maila berreskuratzeko taldea, eta saiatuko gara. Ez da erraza, normalean talde bakarra igotzen delako, baina aukerak izango ditugula ziur gaude". "Lau talde osatzeko asmoa dugu, eta guztiak Bergara izenpean bateratu nahi ditugu".
Garapenerako maila
Bigarren mailako lehiaren gogortasuna ere azpimarratu du: "Bi talde jaisten dira, baina azkena 9 punturekin jaitsi da, eta ondoren 13,5-14,5 punturekin hainbat talde geunden. Puntu bat gehiago lortuta hainbat postu igoko genituen". Haren ustez, faltan igarritakoa ere argi dago: "Erregulartasuna falta izan zaigu; lehen mailan hori izan da gakoa, eta bigarrenean, berriz, hori falta izan zaigu".
Hirugarren mailan, berriz, helburuak bete dituzte; sailkapeneko erdialdean kokatu da taldea, baina, emaitzetatik harago, talde horrek garapen-funtzioa izan du. Bertan debutatu dute aurten Bergarako xake eskolako bi ikaslek, eta lehiatzeko aukera eman zaie esperientzia gutxiago duten jokalariei.
"Hirugarren mailan oso ondo aritu gara", azaldu dute. "Gazte batzuek debutatu dute, eta errodaje gutxi dutenek hobetzeko aukera izan dute. Azkenean, hori da helburua: esperientzia hartzea". Ildo beretik, azpimarratu du taldea ez dela soilik gazteentzat: "Debutatzeko aukera ematen du".
Xakea indartsu Bergaran
Bestalde, egitura aldetik ere aldaketak aurreikusten dituzte. Taldeen izendegia bateratu nahi dute, eta datorren denboraldirako lau talde osatzeko asmoa dute: "Gaur egun, izen desberdinak ditugu, eta Bergara izenpean bateratu nahi dugu". Horrez gain, instalazioak hobetzeko beharra ere azpimarratu dute.
Harrobiari dagokionez, klubak lanean jarraitzen du. Aurten 32 haur daude xake eskolan izena emanda, eta azken urteetan gorakada nabarmena izan dela diote: "Azken urteetan jende asko hurbildu da xakera, eta hori gauzak ondo egiten ari garen seinale da; helburua argi dugu, belaunaldi berri bat izatea Bergaran, eta debutatzeko aukera ematea lanaren fruitua da". Denboraldiak utzitako emaitzen gainetik, klubak baikor begiratzen dio etorkizunari: "Xakea bizitza hartzen ari da Bergaran".