600 bat zikloturista elkartuko dira aurten Bergaran egingo den Itzulia Basque Challenge-an

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko martxoaren 25a

Libe Otegi, Azahara Dominguez, Gorka Artola eta Javier Riaño eguerdiko prentsa agerraldian.

Euskal Herriko Itzuliko azken etapa zikloturistek errepikatu ohi dute Itzulia bukatu eta hurrengo egunean. Eibarren egin dira lehen hirurak, eta laugarrena Bergaran izango da, apirilaren 12an.

Eguerdian egin dute Itzulia Basque Challenge zikloturista martxaren aurkezpena Bergarako Udaleko osoko bilkuren aretoan. Aurten Bergaran egitea "pozgarria" dela esan du bertako alkate Gorka Artolak, eskerrak eman die antolatzaileei eta Lokatza zoriondu du hori posible egiteko egindako lanagatik. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatu den Azahara Dominguezek Lokatzaren urteurrena ospatzeko "modu ezin hobea" dela adierazi du eta erakusleiho polita izango dela Bergara apirilaren 12n: "Erakutsiko dugu Gipuzkoan nola egiten ditugu gauzak, ondo egiten digula. Nola antolatzen garen, segurtasuna nola bermatzen dugun... gainera gure espazio naturalak eta paisaiak ikusteko aukera ere egongo da. Turismo jasangarriaren adibide izango da hori, era berean irabazi ekonomikoak ere sortuko dituena".

Itzulia Challenge-eko zuzendari Javier Riañok hartu du hitza ondoren eta apirilaren 12ko lasterketaren xehetasunak eman ditu. Bi ibilbide izango ditu martxa horrek, 71 kilometro –1.650 eta 1.700 metro arteko desnibelarekin– ingurukoa bat eta Itzuliko etaparen parekoa bestea, 133,8 kilometrokoa –2.800 eta 3.00o metroko desnibelarekin–. "Zirkuitu baten barruan egingo dira eta lau anoa postu egongo dira: ibilbide motzean bi, eta lau luzean, lehenengo biak errepikatuz. Modu horretara jendeak gertutik ikusi ahal izango du martxa eta toki ezberdinetatik ikusi nahi izanez gero ere, ez da urrutira joan beharko", Riañok azaldu moduan.

Trafiko aldaketak

Riañoren esanetan, Euskal Herriko Itzuliko azken etaparen errepikapen bat izango da apirilaren 12ko hau: "Horrek esan nahi du, adibidez, zapatuko etaparako hustu behar diren aparkalekuak hustu beharko direla domekarako ere. Irteera eta helmuga ere puntu berdinetan egongo dira. Martxa egiteko beharrezkoak diren elementuak guk antolatuko ditugu eta laguntzaile izango dugu horretan Bergarako Lokatza txirrindulari taldea".

Euskal Herriko Itzuliko arduradunek Agorrosingo bulegoetan jarriko dute euren egoitza domeka goizean; hantxe egongo dira 06:30etik 08:00ak arte, martxa hasiko den arte. Agorrosin zabalik egongo da egun guztian zikloturistek aldatzeko edo bertan dutxa hartzeko erabili dezaten, nahi izanez gero.

Itzulia Basque Challenge zikloturista martxa honek 600 bat lagun elkartuko dituela aurreikusi dute antolatzaileek, eta horrek herrian trafiko aldaketak ekarriko dituela aurreratu du Gorka Artola alkateak: "Herritarrei jakinaraziko dizkiegu zeintzuk izango diren aldaketa horiek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak