Martxoaren 28an 06:30ean sartuko da Korrika Bergaran Labegaraietatik eta Udalak jakinarazi duenez, eragina izango du trafikoan. Korrikaren ibilbidea dela eta, trafikoa zatika, aldi laburretan, moztuko dute ibilbidea segurtasunez garatzeko. Udaltzaingoarekin batera, Korrika batzordeko boluntarioak ibiliko dira kalerik kale trafikoa bideratzen eta erabiltzaileei laguntzen.
Udalak herritarrei gomendatu die 06:00etatik 07:00etara bitartean ahal izatekotan, ibilgailurik ez mugitzeko, eta mugitu beharra dagoen kasuetan, Udaltzaingoaren eta boluntarioen jarraibideak zorrotz errespetatzeko.
Korrikak honako ibilbidea egingo du Bergaran: Ibarra kalea, Ozaeta, Zubiaurre, San Antonio biribilgunea, Ibargarai, Zurradero, Herrilagunak, Domingo Irala, Irizar Ibilbidea, Artekalea, Ariznoa plaza, Bidekurutzeta, Espoloia, Mintegi kalea, San Antonio biribilgunea eta Antzuolarako noranzkoa hartuko du.
Erramu-zapatuan ere aldaketak
Zapatuan ospatuko da Erramu-zapatua, baina azoka muntatzeko lanak egubakoitzean egingo dituzte batik bat. Bergarako udaltzaingoak jakinarazi duenez, egubakoitzean, 07:00etatik 14:00ak bitartean Fraiskozuri kalea itxi egingo dute azokaren muntaketengatik, eta udaltzaingoak bera bideratuko du trafikoa. Era berean, zapatuan, Fraiskozuri kalea eta Ibargarai kalea (4. ataritik 14.era bitartean) itxita egongo dira 07:00etatik 15:00etara.
Halaber, zapatuan, aparkatzeko gune bereziak jarriko dituzte, eta San Martin Ikastolako eta Ipintza institutuko jolastokietan aparkatu ahal izango da egunean zehar. 20:00etatik aurrera libre egon beharko dute.