Eibarko Astelena pilotalekuak jaso du Emakume Master Cup-eko binakako finala. Harmailak pilotazaleez bete dira, eta gozatu dute lau pilotariek erakutsitako mailarekin. Arrizabalaga eta Bergara ongi sartu dira partidan, eta aurreneko tantoetan eurek nahi izan duten erritmoa ezarri dute. Sagarduik eta Gamindek sakea lortu dutenean, baina, euren pilota atera eta min egiten hasi dira urdinei. Gamindek nagusitasuna erakutsi du atzeko koadroetan, eta Sagarduik ondo eutsi dio defentsako lanari Arrizabalaga jokoan sartu denean. Bergarak onartu du ez dela "eroso" ibili gorrien pilotarekin: "Bizpahiru pilotakadetarako ondo jarri ez naizela ikusi dudanean urduri jarri naiz. Kosta egin zait finalaz gozatzea".
Bazirudien finala uste baino azkarrago bukatuko zela; izan ere, Sagardui eta Gaminde 18-9 aurretik izan dira markagailuan. Orduan egin dituzte tantoak takadan Arrizabalagak eta Bergarak, eta azken honek onartu du sinistu dutela "txapela lortzeko aukeretan". Markagailuko tartea lau puntura murriztu dute Bergarak lortu duelako une batzuetan Gaminderen nagusitasuna baretzea, eta Arrizabalagak min egin duelako aurreko jokoan sartu denean. Hala ere, azkenengo tantoan izan duten "gaizki-ulertu" batek urdinen esperantza guztiak xahutu ditu eta txapela Sagarduirentzat eta Gaminderentzat izan da.
Txapelketa ia perfektua
Partida guztiak irabazita iritsi dira finalera Arrizabalaga eta Bergara, baina ezin izan diote bukaera borobila eman txapelketari. Hainbat final jokatu dituzte elkarrekin dagoeneko, baina oraindik ez dute txapelik lortu. "Tamalez, orain arteko final guztiak galdu ditugu. Hori psikologikoki kudeatzea ez da erraza. Dakizunean guztia ondo egin eta finalera iristea lortu duzula, baina bat-batean urduritasunak iristen direnean pentsatzen duzu berriro? Ez da erraza, eta uste dut falta izan zaigula psikologikoki gugan gehiago sinistea", adierazi du Bergarak.