Brigade Locok Atlantikoa zeharkatuko du eta Mexikon sei kontzertu emango ditu

Koldo Zubia Salas 2026ko martxoaren 23a

Brigade Locoko kideak, iazko Bide baten esanahia diskoaren azalean. Argazkia: Brigade Loco.

Iaz Bide baten esanahia hamaika abestiz osatutako diskoa atera zutenetik, handik hona ibili dira Brigade Loco musika taldeko kideak. Hurrengo hitzordua berezia izango da taldearentzat; Erresuma Batuan, Italian eta Alemanian jo ostean, Mexikora joateko aukera sortu zaielako.

Euskal Herritik kanpo askotan jo dute Brigade Locokoek, eta bidaia haietatik hainbat eta hainbat bizipen eta anekdota ekarriko zituzten, seguru. Duela astebete ere horrela ibili ziren taldea osatzen duten bost artistak; Leitzan jo ostean, Burgosera joan ziren hurrengo egunean. Normala den moduan, GOIENAk asteburu hartako biharamun pixka batekin harrapatu zuen astelehenean taldeko gitarrista Alex Arteaga. "Gogoa geneukan Leitzako gaztetxea ezagutzeko; sekulako harrera egin ziguten, gainera. Burgoskoa, berriz, desberdina izan da: urteetan deitu izan digute Rebel Fest-etik, eta orain arte ezin izan gara joan; gustura ibili gara bi lekuetan", adierazi du Arteagak.

Mugarri bat taldearentzat

Hurrengo hitzordua berezia izango da taldearentzat; Erresuma Batuan, Italian eta Alemanian jo ostean, Mexikora joateko aukera sortu da. Taldeko baxu-jole Oier Aperribaik, herrialdea ezagutzeko aukera izan zuen, eta hainbat lagun egin zituen bertan. Gainera, azken urtean HFMNren zigilupean dihardute lanean, eta horrek ere kontzertuak lotzen "lagundu" diela aitortu du Arteagak: "Geure buruko ideia eta ametsetan bagenuen horrelako zerbait egitea, Atlantikoa gurutzatu eta Amerikako herrialderen batean jotzea. Zorionez, talde bezala geneukan amets hau beteko dugu Mexikon". 

Brigade Locoren zale mexikarrek eta bertan lanean, Erasmusean edo kasualitatez dauden jarraitzaile euskaldunek aukera ugari izango dituzte kontzertuak non ikusi erabakitzeko. Guztira, sei kontzertu lotu dituzte: Cancunen joko dute hilaren 29an; apirilaren 2an Merida izango dute zain; atseden txiki bat egin, eta apirilaren 8tik 11ra azken lau geltokiak izango dituzte zain: Hermosillo, Nogales, Guadalajara eta Mexiko Hiria: "Jaiegun dezente hartu ditugu, eta, hainbeste kontzerturekin, egun mugituak izango diren arren, guk ere opor egun batzuk izango ditugu. Abentura dezente biziko ditugu, furgonetan mugituko gara eta disfrutatu ere egingo dugu".

Alex Arteaga: "Kontzertu guztiak dira bereziak, baina Mexikon jotzeak ilusio handia egiten digu"

Brigade Locoren bederatzi urteko ibilbidean mugarri bat izango da Mexikoko bidaia, eta, Arteagak aipatu duenez, "ilusioz" joango dira bertara: "Kontzertu guztiak dira bereziak, baina Atlantikoa zeharkatzeak bereziki ilusionatzen gaitu; hitz hori darabilgu ahoan eta hori da daukagun sentimendua. Talde bezala ere sekulako esperientzia izango da, euren kultura musikala ezagutuko dugu; leku batetik bestera, hori ere asko aldatzen delako. Urduritasun pixka bat ere badugu, emozioa... gogotsu goaz".

Hainbat proiektu esku artean

Bada urtebete pasatxo Brigade Locok azken diskoa atera zuenetik, eta Arteagak taldearen azken lan luzearen balorazio positiboa egin du: "Zortea dugu; izan ere, egin ditugun lan guztiek oso harrera ona izan dute, eta azken honekin ere hala izan da. Talde bezala egin dugu lan osoena da, esparru askotatik landutakoa: diskoaren ideia, musika, hitzak, iruditegia, zuzenekoak, sare sozialak... lan eta ordu asko egin dugu esparru horietan. Gogoan dut aurkezpenekin hasi ginenean ia sarrera guztiak agortu zirela; zuzenekoetan jendearen harrera mundiala izan da. Askotan, nostalgikoak gara, eta lehenengo diskoak askok dituzte gogoko, baina hirugarren hau gustura entzun dute askok eta gure ohiko entzuleetatik harago joan garela esango nuke".

Dena den, etorkizunera begira ere badago Brigade Loco. Mexikotik bueltan kontzertuek ez dute etenik izango, eta 2026ko abendura bitarteko datak lotzen dabiltza. "Diskoaren aurkezpena, bidaiak... eta orain Mexikoko bira egingo dugu. Intentsua izan da, baina bederatzi urteko esperientziak pixka bat neurtzen erakusten dizu", esan du gitarristak. Esperientzia hori gainean duela, eta ahotsa askorik altxatu gabe, 2027a taldearentzat urte berezia izango dela ere aipatu du; izan ere, Brigade Locok hamar urte beteko ditu datorren urtean, eta zerbait egongo dela aurreratu du. "Presente daukagu zerbait berezia egin nahi dugula hamargarren urteurren honetan," amaitu du Arteagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak