Erorikoak saihesteko tailerra egingo dute apirilaren 21ean eta 23an Bergaran

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko martxoaren 18a

Bergarako Udalak eta Osakidetzako Debagoieneko ESIak antolatutako tailerra da, eta San Joxepe jubilatuen elkarteko Arin gunean izango da hitzordua, 16:30etik 18:00etara bitartean. Parte hartzeko izena eman behar da Bergarako Osasun Zentroan (943 03 54 00) edo San Joxepen (943 76 21 40). 

Bi egunetan parte-hartzaileek profesional espezializatuen azalpenak eta gomendioak jasoko dituzte. Lehenengo egunean, apirilaren 21ean, Osakidetzako erizain eta fisioterapeutek erorikoetan eragiten duten faktoreak azalduko dituzte; baita muskuluak indartzeko ariketak eta eroriko baten aurrean nola jokatu behar den ere.

Bigarren saioan, berriz, apirilaren 23an, Bergarako Kirol Zerbitzuetako teknikari batek jarduera fisikoaren onurez hitz egingo du, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileek adinekoendako baliabide sozialen informazioa emango dute, eta Estella Farmazia Ortopediak laguntza material erabilgarriari buruzko azalpen praktikoak eskainiko ditu.

Erorikoak, Euskadiko istripuen bigarren heriotza kausa

Antolatzaileek adierazi dutenez, erorikoak dira gaur egun Euskadiko istripuen bigarren heriotza kasua eta 65 urtetik gorako pertsonen artean oso agertikoa den arazoa da: "Estatistiken arabera, adin tarte horretako pertsonen %30ek eroriko bat izaten dute urtean zehar, eta haietatik gehienak, %92, etxe barruan gertatzen dira. Datuek erakusten dutenez, prebentzio lan espezifikoa ezinbestekoa da adinekoen autonomia eta segurtasuna bermatzeko".

Ekimenaren helburua da adinekoei autonomia handiagoz eta segurtasun handiagoz bizitzen laguntzea, eguneroko jardueretan arriskuak murriztea eta eroriko baten ondorio fisiko eta emozionalak saihestea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak