Ikastetxeetako esperientzia txikietatik abiatuta, eskualdeko jantoki handiago batean proiektua garatzeko asmoz, Bergarako Fagor-Ederlaneko jantokia aukeratu zuten bertako produktuekin hornitzeko. Proiektu hori, Tokixan egitasmoaren markoan kokatzen da, Debagoiena mailan, tokiko elikadura sistema agroekologiko eta kolektiboa eraikitzeko ekoizpenetik kontsumora bideratzeko helburuarekin.
Ikaspenak eta ondorioak
Bergarako Fagor-Ederlaneko sukalde-azpiegitura egokia zelako eta bazkaltzera joaten zen jendearen kopuru esanguratsua zuela baloratu zen proiektua han abiarazteko; izan ere, 80-100 pertsonak bazkaltzen dute egunero han eta buffet erako menua eskaintzen zaie.
Talde eragile batek gidatu du orain arte prozesua: Jantokiaren ardura duten Fagor-eko ordezkariek, sukaldearen kudeatzaile den Ausolanek, Gizabideak bidelagun eta hornikuntzaren kudeaketa eta lanketa egin duen Ereindajan Bergara kooperatibak.
Hiru fase izan ditu prozesu horrek: lehenengoan, hau da, diagnostiko fasean, talde eragilea martxan jarri eta bakoitzaren funtzioak landu zituzten; probaldi eta formakuntza fasea izan zen bigarrena, non horniketarako baldintzak eta beharrak aztertu zituzten, eta irizpideak, plangintza eta menuen aldaketa landu zuten hirugarren fasean.
Eskualdean bertan aukerak sortuz
Debagoiena eta inguruko herrietako ekoizle txiki askoren eskaintza koordinatu da Elikaenea-ko azpiegitura erabilita, eta jangelan kontsumitzen diren bertako elikagaien irizpideak eta portzentaiak lantzea izan da azken urtean landu den gaia.
Hainbat probaldi egin ondoren, sei lotetan laburtu da bertako hamalau ekoizle ekologikoren eskaintza: barazkiak, fruta, txahal okela, arrautzak, esnekiak eta lurraldeko beste produktu batzuk (lekaleak…). Lote bakoitzean, elikagai kopuruak eta nola txertatu pentsatu da; produktua bera balioan jarri, errezeta erakargarriak diseinatu eta barietate ahalik eta gehien txertatzeko.
Antolaketa guzti hoori posible izateko, Ereindajanen ibilbideaz gainera, ezinbestekoak izan dira lehen sektoreko eragileen ekarpenak , esaterako, Zubillagako hiltegia eta baita esperientzia aitzindarietatik ikastea ere.
Beste jangela batzuetara eramateko asmoa
Lehen proiektu pilotu horretan ikasitakoak beste jangela batzuetara zabaltzen hastea da orain helburua. Horretarako, hainbat jantoki motari erraztu egin gura zaie elikadura eredu iraunkorragoetarako trantsizioan –enpresa jantokiak, egoitzak, ikastetxeak…–.
"Jantokiak ekoizpena trakzionatzeko eta erreleboa bermatzeko aukera izan daitezen bide luzea dago egiteko", diote ekimenaren bultzatzaileek eta gaineratu dute "Euskal Herriko beste lurralde batzuekin aukerak lantzea, ekoizpen ereduetan eragitea eta askotariko zerbitzuak eskainiko lituzkeen horniketa gune baten garapena direladatozen urteetarako erronka".