Herri kirol olinpiadak eta beste zenbait berritasun Erramu-zapatuko egitarauan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko martxoaren 16a

Erramu-zapatua, iaz.

Legediagatik, Erramu-zapatuan ez da zezentxorik izango, baina horren ordez, herri-kirol olinpiadak egingo dituzte, eta aizkoran eta harri-jasotzen arituko dira parte-hartzaileak. Izen-ematea martxoaren 26an amaituko da. Halaber, goizeko azokan, forja lanen erakustaldia eta artilearen tailerra egingo dituzte, besteak beste.

Martxoaren 28ko Erramu-zapatuko egitaraua berritasunekin dator. Udalak aurreratu duenez, legedia arazoak medio, arratsaldean ez da zezentxorik izango, eta horren ordez, 17:30ean hasita, herri kirol saio herritarra egingo dute –harri-hasotzea eta aizkolaritza– Seminarioko patioan, 12 urtetik gorakoendako, kuadrillen arteko olinpiada formatuan. Lau pertsonako talde mistoek eman dezakete izena galdetegi honetan.

Martxoaren 26an itxiko da izen-ematea, eta gehienez ere, 10 taldek hartu ahal izango dute parte. Alabaina, olinpiadetan izena eman gabe ere, egunean bertan, herritarrek aukera izango dute herri kirolak probatzeko. Bergarako Udaleko Kultura Zerbitzuan, kultura@bergara.eus helbide elektronikoan edo 688 76 34 91 telefonoan argitu daitezke zalantzak.

Forja lanak eta artile tailerra

Erramu-zapatuko ferian ere berritasuna izango da, goizean zehar, Sualai Forjakeko Iker Gabilondok Munibe plazan egingo duen forja lanei buruzko erakustaldia. Era berean, Nagore Intxausti artzain nafarrak San Plazan artilearen tailer parte-hartzailea egingo du.

Jardun Euskara elkarteak ere modu parte-hartzailean antolatu du txorimaloaren lanketa. Herritarren parte-hartzea eskatuko dute txorimaloa janzteko, Zuk zer ale emango zenioke euskarari? lelopean.

Azken sarrerak salgai

Erramu-zapatu bezperako bertsolaritza saioa izango da hilaren 27an, 20:00etan, Seminarixoan, eta azken sarrerak daude salgai Seminarixoko webgunean, zortzi eurotan. Beñat Gaztelumendi, Oihana Bartra, Julio Soto eta Ane Zuazubiskar igoko dira oholtzara eta Ibon Leibar Txinbo izango da gai-jartzailea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak