Aimar Tadeo lakuntzarra izan da indartsuena Gorlako tontorrean

Koldo Zubia Salas 2026ko martxoaren 15a

Lokatzak mimoz prestatzen duen Gorlako igoeraren 51. edizioa jokatu dute Bergaran. Negu giro gorriari aurre egin behar izan diote txirrindulariek, 116 kilometro eta 2.500 metro inguruko desnibel metatua izan duen proban. Asentzioko jaitsieran beste bi txirrindularirekin tartea egin eta eutsi ostean, Cortizo taldeko Aimar Tadeo nagusitu da helmugan. Caja Rural-Aleako Iker Perez izan da bigarrena, eta Natural Greatness taldeko Pedri Crausek osatu du podiuma.

Txirrindularirik beroena ere izozteko moduko eguraldia izan dute gaurkoan, Euskaldun torneorako puntuagarria den Gorlako igoerako irteeran izan diren protagonistek. Hori gutxi ez eta ibilbidea ere, eguraldia bezain gogorra prestatu dute Lokatza taldeko antolakuntzakoek; Gorlako bi igoera, Azkarate eta Asentzioko maldekin. Horrenbestez, lasterketa nola hasiko zen ez, baina nola amaituko zen iradokitzea ez da zaila izan gaurkoan, hau da: pelotoia mila zatitan txikituta.

Lehenengoko kilometroetan, ihesaldi saiakera antzuak izan dira. BBK-Euskadi taldeko txirrindulari batek tartetxo bat eskuratu du, baina, bakarlanean, bere saiakera ez da urrun joan. Gorlako lehen igoeran beste bi txirrindularik egin dute aurrera, Telco taldeko Aimar Alarciak eta BBK-Euskadiko Kepa Ormazabalek. Euren artean banatu dituzte Mendiko sariko lehen puntuak, baina hauek ere pelotoiak irentsi ditu Azkarate igotzen hasi baino lehen.

Pixkanaka, lasterketak nor bere lekuan jarri du eta pelotoia mehetzen joan da. Asentzio bil-bil eginda igo dute, Euskadi Fundazioak jarritako erritmoan; jaitsieran etorri da lasterketako une erabakigarria. Uberatik Bergarara bidean dagoen sasiordekan, Cortizo taldeko Aimar Tadeo, BBK-Euskadiko Aimar Galdos eta Telco taldeko Oier Colmenerok tartetxoa egin dute. Gorlako maldetan, Cortizoko txirrindularia bakar bakarrik joan da aurrera, eta horrela egin du helmugarainoko bidea. Finisher taldea eta Caja Rural, saiatu dira Lakuntzako txirrindularia harrapatzen, baina ordurako tartea handiegia zen.

Atzetik erasoa jo ondoren, Caja Rural-Alea taldeko Iker Perez iritsi da bigarren tokian; podiuma osatu duen txirrindularia Natural Greatness taldeko Pedri Crause Hegoafrikarra izan da –horrek ere azken metroetan egindako tartetxoa aprobetxatu du–. 

Debagoiendarrak, sendo

Bi debagoiendar izan ditugu Gorlako igoerako pelotoian: Unax Errasti antzuolarra eta Beñat Iñarra, aramaioarra. Biak ala biak aurreko multzoan iritsi dira Gorlako azken igoerara. Errasti, bere taldekideen mesedetan indar-hustu da mendatearen hasieran, eta Beñat Iñarrak, ostera, Euskaldun torneoko 23 urtez azpiko lidertza eskuratu du, multzo nagusian helmugaratuta. Euren taldeek garaipena lortu ez duten arren, "gustura" gelditu dira egindako lanarekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak