Binakako Esku Pilota Txapelketako talde indartsuenetarikoa da Maddi Berrocalek eta Alejandra Perezek osatutakoa, eta atzokoan, Bergaran, hori agerian gelditu zen beste behin. Hala ere, Iturriagak eta Orbegozok maila bikaina erakutsi zuten, eta azken txanpan erabaki zen partida urdinen alde.
Gorriak hobeto kantxaratu ziren, 4-0 jarri ziren aurretik azkar batean. Barrocal eta Perezek erantzun, eta 6-6 jarri zuten markagailua. Horren ostean, partida gogortu egin zen eta inork ez zuen bi tanto baino gehiagoko tartea eskuratzerik lortu, indarrak eta tantoak parean baitzeuden. Azken txanpan, Barrocalek bere maila erakutsi zuen eta urdinek partida osoan izandako abantaila handiena lortu zuten 15-19 jarrita. Okerrena egina zegoela ematen bazuen ere, Iturriagak eta Orbegozok, ordea, berdintzea lortu zuten. Dena den hemeretzinakoa izan zen azken berdinketa, azken hiru tantoak urdinek egin baitzituzten; 19 eta 22 horrenbestez.
Azkenengoa Beran, gaur
Garaipen honekin, Barrocal eta Perezek osatutako bikoteak esku eskura dute multzoko lehen tokia. "Bagenekien partida gogorra izango zela, multzokako fasean galdu dugun partida bakarra euren kontra izan zelako. Nire herrian jokatuta publikoaren animoak eskertu ditut eta gustura gaude" zioen Barrocalek partida amaitu berritan. Hain zuzen ere, Beran jokatuko dute gaur, multzokako faseko azken norgehiagoka, Gomez eta Agirreren aurka; final aurrekoak, ostera, datorren astean jokatuko dira.
Barrocalena ez zen Bergarako jaialdian jokatu zen partida bakarra izen, aurretik Oskoz eta Arrastiak –gorriz– , Aranburu eta Mendiburururen aurka jokatu zuten –urdinez–. Hor ere urdinak nagusitu ziren, 6-22.