Finala besterik ez zaio falta "egonkortuta" dagoen Soraluze lau eta erdiko txapelketari

Julen Murua Mesonero 2026ko martxoaren 16a

Harkaitz Murua eta Ekhi Irribarria, lau eta erdiko txapelketako finalerdietan. Argazkia: Bergara pilota saila

Gaur jokatuko dituzte finalak, 19:30ean hasita; Aldaz-Nazabal, promesetan, eta Carregal-Murua, afizionatuetan, dira finalistak. 

Otsailean ekin zioten hamasei pilotarik XVI. Soraluze lau eta erdiko pilota txapelketari, eta gaur jokatuko dituzte promesen eta afizionatuen finalak, 19:30ean hasita. Promesetan, Pablo Aldaz eta Igor Nazabal pilotari nafarrak ibiliko dira nor baino nor gehiago; afizionatuetan, berriz, Gaizka Carregal bizkaitarra eta Harkaitz Murua gipuzkoarra lehiatuko dira.

Txapelketa, egonkortuta

Hamaseigarren aldia izan du Soraluze lau eta erdiko txapelketak, eta dagoeneko Euskal Herri mailako zirkuituan guztiz egonkortuta dagoela dio saileko arduradun Julen Aranburuk: "Euskal Herriko promes eta afizionatu mailetako pilotarientzat egonkortuta dagoen txapelketa bat da. Pilotariek beti erakutsi dute Bergarara jokatzera etortzeko konpromisoa, eta pilotazaleak ere oso gustura etortzen dira, martitzenero, frontoira".

Egonkortuta egoteak eragiten du txapelketan parte hartzen duten pilotariak nolanahikoak ez izatea. "Gure asmoa beti izaten da Euskal Herrian eta Errioxan punta-puntan dabiltzan pilotariak erakartzea. Kasu honetan, lau eta erdiko txapelketa izanda, aurrelariak etortzen dira. Nagusietan, esaterako, titularrak ziren bi pilotarik, alegia, Beñat Zubizarretak eta Beñat Apezetxeak, profesionaletara egin dute jauzia, eta beste pilotari batzuk aurkitu behar izan ditugu. Pozik gaude maila oneko pilotariak ekarri ahal izateagatik", adierazi du Aranburuk.

Aurrerantzeko erronkak

Aurtengo txapelketa "ondo" joan bada ere, beti daude hobetzekoak. Aranburuk dioenez, datorren urtera begira promesetako partiduak hobetzeari helduko diote: "Promesen partiduak nahiko azkar joan dira, eta datorren urtera begira ondo pentsatu beharko dugu zer mailatako eta zer adinetako pilotariak sartuko ditugun. Buelta bat eman behar diogu horri".

Pilotariekin lotutako guztiari ez ezik, frontoian ez dauden ikusleengan ere jarriko dute arreta. "Sekula ez dugu zuzeneko emanaldirik egin, eta jendeak eskatu digu. Pozik gaude orain arte egiten dugunarekin, baina bada etorkizunera begira lantzen ari garen zerbait. Pandemian egiten genituen zuzenekoak, baina garrantzia ematen diogu pilotazaleak frontoira joateari", azaldu du saileko arduradunak.

Herriko ordezkaritza

Txapelketan parte hartu duten pilotarien artean bergarar bat egon da: Haritz Etxabe. "Txapelketa ona" egin duela dio Aranburuk, eta "finalerdietako partidua ondo hasi baina ostean galdutako pilota asko" izan bazituen ere, Aranburuk dio txapelketak erakutsiko diola "badituela bere jokoan hobetzeko hainbat puntu. Motibazioz eta jokoz ondo ari da, eta, oro har, ondo aritu da txapelketan". Halaber, pilota saila "osasuntsu" dagoela eta "lanerako prest dagoen jendea" dutela adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak