Errealismo magikotik kontatutako istorioa dakar eskarmentu handiko konpainiak taularen gainera, maskara eta hitza baliatzen dituen publiko familiarrarentzako ikuskizunean; 6 urtetik gorako haurrentzat gomendatzen da.
Natura eta irudimena oinarri
Antzezlanaren egile eta zuzendari Jokin Oregirekin batera Ana Martinez aktorea izango da taularen gainean. "Natura eta irudimena uztartzen ditugu ikuskizunean. Aukera infinituak eskaintzen dituzten unibertsoak biak, elikatzea eta zaintzea eskatzen dutenak. Gure istorioa oraindik iritsi ez den egun batean hasten da, eta multinazional batentzat etxeak diseinatzen lan egiten duen O anderea da istorioko protagonista nagusia. Azken boladan oso kezkatuta dago, ideiak agortu egin zaizkiolako. Halako batean, baina, gertaera bitxi batek dena aldatuko du erabat, eta betirako", azaldu dute aktoreek.