Itzuliko azken etaparen tankera izango du domekako Gorlako Igoerak

Xabier Urtzelai 2026ko martxoaren 6a

Jesse Maris estatubatuarra nagusitu zen iazko Gorlako Igoeran, 50. edizioan.

Domekan (10:00) Gorlako Igoeraren 51. aldiak ibilbide aldaketa izango du; lasterketak 116 kilometro izango ditu, eta tartean, ziklistek Azkarate eta Asentzio igoko dituzte. 

Datozen asteotan lanpetuta ibiliko dira aurten bost hamarkada betetzen dituen Lokatza taldeko ordezkariak. Apirilaren 11 egun seinalatua izango da ziklismo-zale bergararrendako, Itzuliko azken etapa herrira ekartzea izango da-eta urteurreneko sari ederrenetakoa. Baina txirrindularitza taldeko lagunek mimoz zaintzen duten lasterketa oraingo domekakoa da; alegia, afizionatu mailako Gorlako Igoera (Domeka, 10:00, San Martin plaza). "Eta lasterketa nobedadeekin dator. Izan ere, Aizpurutxon errepidea ez dago egoera onean; horrenbestez, Gorlako lehenengo igoera egiten dutenean, ziklistek Azkoitirako bidea hartuko dute, eta, Azkarate igo ostean, Elgoibartik Bergarara datozela Asentzioko maldak igo beharko dituzte, azkenik Gorla bigarrenez igotzeko", adierazi du Ion Unamuno presidenteak. "Gainera, ibilbide aldaketa horrekin egia da Gorlako Igoerak Itzuliko Bergarako etaparen tankera hartu duela. Urtero moduan, maila oso oneko 200 txirrindulari espero ditugu, eta 116 kilometro gogor izango dituzte aurrean".

Hain zuzen, iaz Asentzioko mendatea sartu zuten, ibilbidea luzatu eta gogortzeko; alegia, antolatzaileen asmoa zen talde indartsuetako zuzendariendako lasterketa kontrolpean izatea zailtzea, eta domekan Azkarateko maldek horretan lagunduko dute. Hori uste dute lasterketan izango diren bi ziklista debagoiendarrek, Unax Errasti (Finisher Kern Pharma) antzuolarrak eta Beñat Iñarra (Caja Rural Alea) aramaioarrak. "Lehen, Aizpurutxon ihesaldi bat harrapatzea errazagoa zen atzeko taldea lanerako gertu bazegoen. Orain, zailago ikusten dut, baina urruneko ihesaldi saiakerak ere... Azkarate, Asentzio eta Gorla, horietan bakarrik joateko indartsu egon behar da", dio Iñarrak. Errastik gogoan du iaz Aizpurutxon talde moduan egin zuten lana: "Ihesaldi saiakerak kontrolpean izateko lan egitea egokitu zitzaigun; domekan zailagoa izango da kontrol hori mantentzea. Gustatzen zait ibilbide berria".

Lasterketa, 'streaming' bidez

Domekako lasterketa zuzenean jarraitu ahal izango da Lokatzako lagunek eskainiko duten streaming-ari esker, izan ere, geroago eta emanaldi txukunagoa eskaintzeko lanean dihardute bergararrek, eta Gorlako helmugan pantaila erraldoia jartzearekin batera lasterketa bera goiena.eus atarian ikusi ahal izango da, 09:30ean hasita. "Hamabi lagun izango gara zuzenekoa eskaintzen, motoan joango dira bi kamera, eta bidean kamera finkoak ere izango ditugu, eta esatariek lagunduko dute lasterketaren kontakizuna egiten", dio Jokin Etxabe ziklista ohiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak