Bergararra herenegun hil zen, 77 urterekin. Eta futbol klub ezberdinek elkartasun mezuak helarazi dizkiete etxekoei. Hala, Larrañagaren aldeko hileta-meza gaur egingo dute, martxoak 10, 19:00etan Bergarako Pedro Deunaren parrokian.
Kirol ibilbidea
Jesus Mari Larrañaga Gindi-k Bergaran, Realean eta Eibarren jokatu zuen futbolean, eta gero entrenatzaile moduan ere ibili zen, besteak beste, beteranoekin. 1965ean Bergarako gazte mailako taldean hasi eta lau urte egin zituen herriko taldean jokatzen. 69-70 denboraldian Realera joan zen, bigarren taldera, eta handik hamarkada batera liga txapeldun izan ziren; hainbat jokalarirekin jardun zuen han –Arkonada, Kortabarria, Olaizola...–.
Lehenengo taldearekin entrenatzera eta aurre-denboraldia egitera ere iritsi zen, nahiz eta jokatzera ailegatu ez. 74-75 denboraldian Eibarren jokatu zuen Realak utzita, 2.B Mailan, eta handik Bergarara itzuli zen berriz. 1978ra arte jokatu zuen, eta beste bi urte egin zituen entrenatzaile, lehenengo taldea 3. Mailara eramanaz. Ondoren utzi, baina beste bi alditan ere ibili zen mutikoak entrenatzen, bost eta zortzi urtez, hurrenez hurren, 80ko hamarkada amaieran eta hurrengoaren hasieran, eta 2015ean utzi zuen arte azkena.
Aldi berean, 2013ra arte Realeko beteranoen entrenatzaile ibili zen hogei bat urtez –urtebetez jokatu ere egin zuen–.
Eta, hain justu, 2016an Realeko beteranoei sortu zitzaien Gindi-ri omenaldia egiteko ideia, eta Agorrosinen batu ziren haren lagunak eta Realeko jokalari ohiak.
Hamarkada bat omenaldi egin ziotenetik
Esan moduan, duela 10 urte –2016ko irailaren 24an– omenaldi beroa egin zioten bergararrari. Jende asko batu zen futbol zelaian –bazkaltzera 230 lagun joan ziren–. Alberto Gorriz Bixiok, Luis Arkonadak, Javier Expositok eta Santi Bakerok Realeko kamiseta oparitu zioten eta Eneko Kortabarriak, berriz, Gindi Lagunak egindako kamiseta berezia. Julen Juaristi Bergara Futboi Taldeko jokalariak eman zion harendako propio egindako bideoa. Gindirendako bakarrik ez, haren emaztearendako ere izan zen aipamenik. Jabi Igartzak lora sorta eskaini zion.
Ondoren, Realeko Beteranoek eta A Ze Flaxa Bergara taldeko kideek partidua jokatu zuten, eta txuri-urdinek 1-5 irabazi zuten. Esan moduan, ondoren, bazkaria egin zuten Seminarioko karpan. Hemen Goienak zela jaso zuen omenaldiak emandakoa.