Asteburu honetan, martxoaren 7an eta 8an, senior mailako nesken Gipuzkoako play-off-ak jokatuko dira Bergarako Labegaraieta kiroldegian. Denboraldi "ia borobila" egin du Mondragon Lingua Bergara KE taldeak; Asier Eguren entrenatzaileak azaldu duenez, hasieratik zuten helburu gisa maila igoera, eta orain aukera hori esku-eskura dute. Denboraldian zehar aurkari nagusia Zumaiako Pulpo taldea izan da. Hiru itzuliko ligan, bergararrek lehen neurketa irabazi zuten, baina azken biak zumaiarrek eskuratu zituzten; horrenbestez, Pulpo taldeak zuzenean lortu zuen bigarren lurralde mailara igotzeko txartela. Ligako beste taldeek "ez dute maila bera erakutsi", eta Mondragon Lingua Bergara KEk gainontzeko partida guztiak irabazi ditu. Horrek baikor izateko bidea ematen dio taldeari. Finalerdia irabazi eta finala ere irabazteko "motibatuta eta positibo" dago taldea.
Etxean eta motibazioz
Play-off-etan dena partida bakarrean erabakitzen da, eta "edozer gertatu" daitekeela dio Egurenek. Bergararrek larunbatean jokatuko dute finalerdia, 17:30ean, Astigarragako Mundarro KE taldearen aurka. Etxean aritzeak indar gehigarria ematen diela azpimarratu du Egurenek, eta kiroldegia beteta ikustea gustatuko litzaiekeela adierazi du: herritarren babesa eta animoak "oso garrantzitsuak" izango direla nabarmendu dut. Finala domekan izango da, 11:00etan.
Nesken erreferente
Nesken senior kategoria sendotzea "funtsezkoa" da beheko mailetan –infantil eta kadete mailetan– ari diren neskentzat, etorkizunera begira erreferenteak izan ditzaten. "Pozgarria" da taldea martxan eta motibatuta izatea.