Brontzezko domina eskuratu dute Domenechek eta Romerok SpainSkills Txapelketan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko martxoaren 6a

Romero eta Domenech, dominekin, Maider Gandarias irakaslea ondoan dutela. (Argazkia: M.A.).

Euskal Selekzioa ordezkatu dute Sistema Robotiko integratuaren kategorian.

Otsailaren 24tik 28ra bitartean Madrilen jokatu zen SpainSkills 2026 Lanbide Heziketako Estatuko Txapelketa, eta Miguel Altuna Lanbide Heziketako Peio Romero eta Gorka Domenech (Bergara, 2005) ikasleek osatutako bikoteak brontzezko domina eskuratu du Sistema Robotiko Integratuen modalitatean, euskal selekzioarekin. Halako txapelketa batean parte hartu duten lehendabiziko aldia izan da biendako, eta sariarekin oso gustura daude. "Sekulako esperientzia izan da", dio Domenechek. Romero ere "pozik" dago, baina "gauzak hobeto" egin eta irabazi egin zezaketela uste du. Dena den, esan du "oso ondo" pasatu dutela lehian zehar, eta asko ikasi dutela: "Oso esperientzia ona izan da".

Joan aurretik ez zuten espero dominarik irabazterik, baina txapelketa aurrera joan ahala aukerak ikusi zituzten. "Probak amaitutakoan ikusi genuen oso ondo egin genuela, eta bagenekien podiumean sartu gintezkeela", aitortu du Romerok. Domenechek gehitu du "besteek egin gabeko gauzak" lortu zituztela.

Gorka Domenech eta Peio Romero, podiumean, hirugarren postuan. (Argazkia: M.A.).

Kategoria berria

Iaz Irungo Ficoban egin zuten EuskoSkillseko emaitzagatik sailkatu ziren SpainSkillsera Romero eta Domenech. Bigarrenak izan ziren, baina "lehen postuan geratu zirenek ez zuten Madrilera joan nahi", eta, orduan, eurei eman diete aukera. EAEn arlo horretan egiten zen lehen edizioa izan zen hura, eta Espainian, berriz, bigarrena.

Euskal Selekzioarekin 34 ikasle

Euskal Autonomia Erkidegoko 34 ikaslek hartu dute parte txapelketan, eta Espainiako 564k. Lehiaketa 34 kategoriatan banatuta dago, eta urrea lortu dutenek irailean Shanghain jokatuko den WorldSkillsera joateko txartela eskuratu dute.

Sistema Robotiko Integratuen kasuan, hiru egunetan zehar garatu dute proiektua. Robotaren zelula muntatu –fisikoki eta ordenagailuko programan– eta robota programatu behar izan dute; baita dokumentu bat sortu ere, robotaren jarraibideekin, eta lantegiko pertsona batek dena ondo ulertzeko robotaren pantaila bat sortu ere bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak