Martxoak 8 (2026)

Feminismoaren "borroka eta alternatibak ozen" aldarrikatuko dituzte domekan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko martxoaren 6a

Iaz, Martxoaren 8an egin zuten manifestazioaren une bat. (Argazkia: GOIENA).

Domekan, 12:00etan egingo dute manifestazioa, herriko kolektibo feministek deituta.

Emakumeen Nazioarteko Egunerako egitarau oparoa antolatu dute Bergaran. Domekan, herriko Mugimendu Feministak antolatuta, manifestazioa egingo dute, San Martin plazan hasita, 12:00etan. Beste mundu bat feminismotik lelopean irtengo dira kalera, eta Martxanterek aurreratu dutenez, azpimarra berezia jarriko diete azken urtean "atzeraldia ekarri diguten gertakari eta joerei". Azpimarratu dute aurtengo mobilizazio eta eguneko jarduerak garatzeko elkarlanean aritu direla herriko kolektibo feminista batzuekin, eta Bergarako Mugimendu Feminista bezala egin dute deialdia. 14:30erako bazkari herrikoia antolatu dute plazan bertan, eta nork bere janaria eraman behar- ko du. Bazkalostean, kantaldia egingo dute, musikak lagunduta.

Egun bererako antolatu du Itaiak ere egitaraua. Hauxe nabarmendu dute: "Azken garaiotan ideia faxista eta matxisten normalizazioa eta hedapena bizitzen ari gara, eta horrek zuzenean eragiten digu emakume langileoi, kapitalismoak ideia horiek berak erabiltzen baititu emakume langileok are gehiago zapaltzeko". Hala, autodefentsa tailerra antolatu dute Zubitxa Zentro Sozialistan, 11:00etarako, eta arratsaldean bat egingo dute 19:00etan Arrasaten izango den manifestazioarekin, han egingo baita Itaiaren bailarako mobilizazioa.

Emakume artisten erakusketa

Data hauetan jarri ohi dute Bergarako emakume artistek erakusketa Aroztegi aretoan, eta aurtengoak gaur zabalduko ditu ateak. Hamargarren urteurrena betetzen du erakusketak, eta Loraldia izenpean jaso dituzte lanak. 42 artistaren lanak izango dira ikusgai, martxoaren 15era bitartean. Gaur izango da aurkezpena, 19:00etan, musikak eta bertsoek lagunduta. Parte-hartzaileen gorakada nabarmendu dute: "2017an 30 emakume bildu ziren lehen aldiz, adin eta diziplina askotarikoak. Batzuk Beartekoak ziren, beste batzuk herriko margolariekin ikasitakoak eta beste batzuk euren kasa zebiltzanak. Horrez gain, kopuru txikiagoan, zeramika tailerretik zetozenak, argazkilariak, makramea eta bideoa. Parte hartzaile kopurua 23-33 bitartean ibili da orain arte, baina aurten 40ra igo da". Halaber, Beart arte eskolako gaztetxoek espresuki egindako horma-irudi kolektiboa jarriko dute sarrerako horman.

Zinema eta kontzertua

Egun hauetako zinema egitaraua ere Martxoaren 8arekin lotu dute. Alde batetik, asteroko zinema komertzialaren barruan Sorry, baby filma emango dute, domekan eta astelehenean, 19:30ean, Seminarixoan. Horrez gain, domekan, haurrei zuzendutako film bat emango dute: Kaixo, Frida, hain zuzen ere.

Bestetik, bihar, Putas Amak* taldea igoko da Seminarixoko oholtzara, 20:00etan. Donostiako Egia auzoan bizi diren hiru emakumek osatzen dute 2021ean sortu zen taldea, eta, geroztik, hainbat proiektutan aritu dira. Orain, beste pauso bat eman, eta zazpi kantu jasotzen dituen Ez goaz inora EPa aurkeztuko dute. Sarrerak zortzi eurotan daude salgai, www.seminarixoa.eus webgunean.

Industriaz, emakumeekin

Etorkizuneko industria inspiratzen duten emakumeak hitzaldia antolatu du Enpresare elkarteak, Udalarekin eta Laboratorium museoarekin elkarlanean, martxoaren 12rako, 09:30ean hasita, Seminarixoan. Industria inklusiboagoa eraikitzeko moldeak hausteko, emakume erreferenteak ikusgarri egiteko eta gazteen bokazio teknikoak sustatzeko izango da mahai-ingurua.

Gizonezkoentzako tailerra

Eraso matxistak eta horien kudeaketa: zein da gizonon erantzukizuna? izeneko tailerra antolatu du Udalak, gizonen inplikazioa eta erantzukizun aktiboa sustatzeko helburuarekin. Eguenean izango da saioa, 18:00etatik 20:00etara, Irizar jauregian, Eraikiz enpresako kide batek bideratuta. Tailerra euskaraz izango da, eta gizonei zuzenduta dago, bereziki, eguneroko bizitzan eraso matxisten aurrean gizonek duten rola, ardura eta eragin-ahalmena lantzeko. Aurreratu dute saioko dinamizatzaileak elkarrizketarako, galderetarako eta esperientzien trukerako espazioa eskainiko duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak