Neguko Espainiako Open Txapelketa jokatu zen Castello de la Planan (Castello) otsailaren 5etik 8ra bitartean. 5.000 pertsona elkartu ziren txapelketan; tartean, Espainia osoko 1.777 igerilari. Bertan izan zen Bergara Igeri Elkartearen Master taldeko Kepa Irizar (Bergara, 1974), eta emaitza oso onak eskuratu zituen: laugarren postua 200 metroko estilo-proban, seigarren postua 100 metroko estilo-proban, zortzigarren postua 100 metroko bizkar-proban eta hamabosgarren postua 50 metroko tximeleta-proban.
Nola joan zen txapelketa?
Egia esan, txapelketa oso ondo joan zen. Gehiegi izan ez zen arren, nire marka eta denborak jaistea lortu nuen. Orokorrean, balorazioa oso positiboa da.
Zelakoa da horrelako txapelketa batean parte hartzea?
Esperientzia ikaragarria da. Horrelako txapelketa batean denetik aurkitu daiteke, gazteak zein nagusiak, gizonak zein emakumeak. 80 urteko pertsona bat txapelketa batean igerian ikusi ahal izatea zirraragarria da. Bertan, denok batera ibiltzen gara, eta egiten dugun denboraren baitan lehia puntu bat egoten da, oso ondo dago. Txapelketa handia da, 1.777 igerilari ginen osotara, eta etorkizunean bultzada bat eman eta 2.000 igerilarira heldu nahi dute antolakuntzako kideek; oso esperientzia polita da.
Hedatuta dago igeriketa jende nagusiaren artean?
Euskal Herrian ez horrenbeste, baina Espainia mailan Master taldeak oso hedatuta daude, aspalditik. Hemendik kanpo horrelako txapelketa ugari izaten dira, eta, orokorrean, gazteak baino jende nagusi gehiago ikusten da txapelketa horietan. 40-50 urtetik gorako pertsona asko ibiltzen dira, eta emaitza oso onak izaten dituzte. Batzuek errekorrak ere gainditzen dituzte, Espainiakoak zein Europakoak. Euren denborak ikusita garbi dago asko entrenatzen diren pertsonak direla.
"80 urteko pertsona bat txapelketa batean igerian ikusi ahal izatea zirraragarria da"
Nola hasi zinen igeriketan?
Gaztea nintzela hasi nintzen igeriketan, 5 urte inguru nituenean, baina 20 urterekin-edo utzi egin nuen. Tarte batean waterpoloan jokatzen ibili nintzen, baina, 35 urteen bueltan nenbilenean, Master taldean izena ematea erabaki nuen. Lagun bat Katalunia aldean ibili zen horrelako talde batean, eta hark bultzatuta lagun talde bat hasi ginen entrenatzen. Lau urte inguru egin genuen elkarrekin, baina jendeak zailtasunak zituen entrenatzera joateko, eta, azkenean, utzi egin genuen. Orain, bigarren Master etapan murgildu naiz. Talde handiagoa gara eta oso gustura gabiltza; beraz, espero dut oraingoak gehiago irautea. Gainera, talde barruan denetik dugu, lehiatzera joaten garenak zein ez garenak joaten elkartzen gara. Talde ona osatu dugu.
Aurrera begira, baduzu beste txapelketarik begiz jota?
Ba, egia esan, bai. Liga batean eman dugu izena, Ipar Master Liga izenez ezagutzen dena, eta bertan lehiatzen gara. Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Nafarroako, Kantabriako eta Burgosko taldeak ibiltzen gara bertan. Osotara sei txapelketa ezberdin direla esango nuke, urritik maiatzera bitartean jokatzen direnak. Talde bakoitzak proba batzuk aukeratzen ditu, eta gu taldeak aukeratutako proba horietan apuntatzen gara; gehienez, bi probatan. Aurten hasi gara horrekin. Gure entrenatzaileak gazteak dira, eta haiek izan zuten ekimen horren berri. Espainiako Txapelketaz gain horrelako ekimen baten parte izatea ere probetxuzkoa zela pentsatu zuten, lehiaketa erritmoa hartzen joateko. Oso gustura gabiltza bertan.
Zaila izaten da entrenamenduak eta egunerokotasuna uztartzea?
Bueno, ez da hain zaila. Alde batetik, ez ditugu entrenamendu oso luzeak egiten, ordubete inguru egiten dugu aldiro; bi kilometro, asko jota. Bestalde, astean bi aldiz entrenatzen gara, eta astelehenetik ostegunera bitarte edozein egunetan joan gaitezke, bakoitzari gehien komeni zaionean. Ni beste bi egunean ere entrenatzen naiz astean, gazteagoekin. Lehiatzen gabiltzanez, beste erritmo bat hartzen laguntzen dit haiekin joateak, bestelako puntu bat lortzen dut.
Agorrosin itxita egon den denbora honetan nola moldatu zarete entrenamenduak egiteko?
Elgoibarrera joaten ginen. Hemen inguruko beste igerilekuek erabiltzaile asko izaten zituztenez, oso konplikatua zen haietara entrenatzera joan ahal izatea. 100 pertsona inguru gaude igeriketa elkartean, eta hori guztia jasotzea benetan zaila zen. Elgoibarren, berriz, bi igerileku daude. Igerileku zaharra berritu egin zuten, eta bertan ibiltzen ginen gu entrenatzen. Eskerrak haiek lekua utzi diguten; bestela, auskalo zer egingo genuen. Akaso, jende askok igeriketa utziko zuen. Egia da mugitu beharra nekeza izan dela. Gazteekin egon da arazo handiena, ikasketak direla-eta ordutegiak mantendu behar zituztelako, baina, azkenean, hori ere lortu zen. Logistika aldetik hor ibili gara, gurasoak aurrera eta atzera, baina, azkenean, lortu genuen guztia aurrera ateratzea.
"Ez ditugu entrenamendu oso luzeak egiten, ordubete inguru egiten dugu aldiro"
Probatu izan duzu igerilekutik kanpoko igeriketa? Esaterako, itsas zeharkaldiak?
Datorren apirilean Itsas Zabaleko Espainiako Master Txapelketa jokatuko da, Eivissan. Gainera, Munduko Kopan sartutako txapelketa da, eta Bergarako lau igerilari joango gara asteburu batez bertara, lehiatzeko asmotan. Larunbatean hiru kilometroko itsas zeharkaldia izango dugu aurretik, eta igande goizean 4x750 metroko errelebo mistoan hartuko dugu parte. Bi neska eta bi mutil gara justu goazenak, eta proba horretan ere parte hartzea erabaki genuen. Beste esperientzia bat izango da, eta gogoz nago zelan joango den ikusteko. Nik itsasoan oso gutxitan egin dut igerian. Proba gutxi batzuk eginda ditut, esaterako Getaria-Zarautz, bana ez naiz askorik ibilitakoa. Hala ere, aurten, gehiago entrenatzen ibili naizenez, akaso animatuko naiz bestelako itsas zeharkaldi batzuk egitera.
Pentsatu duzu inoiz igeriketa uztea?
Gaur-gaurkoz, ez dut igeriketa uzteko inolako asmorik. Bizkarreko arazo batzuk izan nituen, eta hasiera batean proba bat zen arren, Masterren parte izan naizen urte eta erdi honetan bizkarra asko hobetu zitzaidan. Igeriketari esker oso ondo dut bizkarra, eta, beraz, orain ez dut inolaz ere igeriketa utziko. Horrez gain, benetan oso gustura nabil.