Azken egunak Arizondo Argazkizaleen elkarteko erakusketa bisitatzeko

Ibai Irasuegi Garai 2026ko otsailaren 27a

Arizondo Argazkizaleen Elkartearen aurtengo erakusketa Arizondo aretoan.

Joan den egubakoitzean ireki zuten Arizondo Argazkizaleen Elkartearen erakusketa, Bergarako Aroztegi aretoan. Domekara arte ikusgai daude elkarteko hamar kidek ateratako 40 argazki, eta "estilo askotariko" lanak direla adierazi du Arizondo Argazkizaleen Elkarteko kide Iñaki Zabalak. 

Elkarteko kideek boluntarioki aurkeztu dituzte lanak, eta, Zabalak azaldu duenez, ez dute "irizpide zuzenik" jarraitu argazkiak aukeratzeko orduan. Arizondoren urteroko mugarrietako bat izaten da Aroztegiko erakusketa. Izan ere, elkarteko kideek urtero ateratako argazkiak aurkezten dituzte, jendeak elkartea ezagutzeko eta izena ematera animatzeko helburuarekin.

"Mimo handiz" egindako lanak direla azpimarratu du Zabalak, eta erakusketako bakoitza ateratzeak dakarren lana nolakoa izan den azaldu du: "Argazki bakoitzak hogei, hogeita hamar edota ehun argazki izan ditzake atzetik. Ondoren, horiek etxera eramatea, aukeratzea, errebelatzea... lan asko dauka atzetik". Elkarteko kideentzako garrantzitsua izateaz gain, lanak ikusten dituen jendeari ere "asko gustatzen zaion" erakusketa bat dela gaineratu du: "Argazkiak ikusten dituztenean konturatzen dira zein den lan bakoitzak atzean izan dezakeen prozesua".

Elkartea ezagutaraztea helburu

Erakusketa zabalik egongo da domekara arte, eta argazkilaritzan murgiltzen hastera animatzen ditu argazkizaleen elkarteko kideak: "Jendea animatu nahi dugu gure lokalera etortzeko eta elkartearen jarduna ikusteko". Izan ere, Zabalaren iritziz, oso zaletasun interesgarria da argazkilaritza, eta lan politak atera daitezke ia edozein kamerarekin. "Jendeak uste du sekulako argazki kamera bat behar dela argazkiak ateratzeko, eta ez da horrela. Gure taldean badago 2.000 euroko kamerak dituen jendea, baina baita 500 euroko kamerak dituztenak, eta argazki ederrak ateratzen dituzte haiek ere".

Gaur-gaurkoz, 22 kidek osatzen dute Arizondo Argazkizaleen Elkartea. Bergarako Zabalotegi kalean dute egoitza, eta elkarteko kideak astelehenero batzen dira, arratsaldeko zazpi eta erdietatik bederatzietara. Aroztegiko erakusketaz gain, Bergara Hiria eta Kirol Argazki lehiaketetan aurkezten dituzte lanak urtero, eta, horrez gain, kamera digitalarekin hastapen ikastaro bat eta telefonoz argazkiak ateratzeko beste ikastaro bat abian jartzen dute urtean zehar.

Horrez gain, talde gisa, Euskadiko Argazkilaritza Federazioak urtero antolatzen duen Euskal Ligan parte hartuko du Arizondok. Iaz, talde mailako hirugarren postua eskuratu zuen elkarteak, eta domeka honetan abiatuko den edizioan "emaitza ona ateratzea" izango dute helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak