Eguzkiñe Azpeitia: "Emantzipazio prozesua ez da hasten etxebizitza bila hasten zaren unean"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko martxoaren 2a

Eguzkiñe Azpeitia.

Eusko Jaurlaritzako Emantzipaziorako Zerbitzuak (GAZ) 18 eta 34 urte bitarteko gazteei zuzendutako Etxebizitza eta gazteak, aukerak eta baliabideak hitzaldia egingo du bihar, 17:30ean, Irizar jauregian. Eguzkiñe Azpeitia (Arrigorriaga, 1983) da GAZeko teknikarietako bat, eta hitzaldiaren xehetasunak eman ditu.

Zerbitzua online eskaintzen baduzue ere, herriz herriko aurkezpenak ere egiten dituzue; Debagoienean izanak zarete, baina oraingoan Bergaran egingo duzue geldialdia.

Gure zerbitzuari buruzko azalpenak emateaz gain, gazteen eta etxebizitzen gaur egungo panoramika azaltzea da asmoa, eta dauden baliabideak gazteekin partekatzea; eremu publikoan eta pribatuan daudenak. Laguntzak ere badaude, publikoak eta zuzenak direnak, baina zeharkakoak ere bai. Adibidez, pisu bat alokatu edo erosteagatik onura fiskalak badaudela jakin behar dute. Gaur egungo argazkia eta informazio guztia emanda, nork bere etxean, duen egoeraren arabera, egokitu behar ditu baliabideak.

Gaur egungo argazkia aipatu duzu; zein da gaur egun gazteek etxebizitza bat eskuratzeko duten egoera orokorra?

Gazteei galdetzen badiezu, gurasoen etxetik alde egiteko nahia edo joateko asmoa dute, baina guztiok ikusten dugu zer-nolako egoera zaila daukaten. Gainera, faktore asko sartzen dira jokoan: lan ezegonkorrak; soldatak oso altuak ez badira dirua aurrezteko zailtasunak, eta, hortaz, kostatu egiten zaie etxea erosteko diru-sarrera lortzea; eskaintza gutxi dago erosketarako nahiz alokairurako, eta dagoena, oso garesti. Kanpo faktore batzuek gazteen kontra jokatzen dute.

Egoerak hobera edo okerrera egin duela esango zenuke?

Guk uste dugu etxebizitzaren egoera oso aldakorra dela. Agian, duela urte batzuk, gazte gehienak jabetzako etxeetan sartzen ziren. Gaur egun, alokairuen prezioarekin eta hipotekako prezioak ikusita, jendeak baloratu egiten du alokairu garesti batean sartu edo ez. Nahiko aldakorra izan da, izango da eta horrela jarraituko du. Gaur egun alokairua gehiago sustatzen ari dira.

Dirulaguntzen aldetik, ze programa daude?

Etxebidek hainbat programa ditu, eta gazteak animatzen ditugu Etxebiden izena ematera; eta alokairuko edo erosketa eredua. Badakigu prozesua luzea izan daitekeela, baina aukera hor dago. Hor bertan ere diru-sarreren araberako laguntzak daude. Gero, duela gutxi, Gazteaval sartu zen indarrean, etxebizitza erosteko sarrerarakozailtasunak dituzten gazteekin hori lantzeko. Zuzeneko laguntzak ere badaude; besteak beste, Emantzipa alokairurako eta erosketarako edo Gaztelagun alokairurako. Zenbait udalek ere dirulaguntzak martxan jartzen dituzte.

Gazte bati zer aholku emango zenioke gaur egun etxebizitza bila hasteko?

Emantzipazioaren prozesua ez da hasten etxebizitza bilatzen hasten zaren unean, oinarri sendo bat eraikitzen ari direnean baizik. Horretarako, hainbat faktore sartzen dira: ikasketa onak izatea, lan-bilaketaren prozesua ere interesgarria da, lanean hasi eta aurrezkiak lortzea, eta azken pausoa. Egoera ona duenean aurrerapauso bat eman eta etxetik ateratzea.

Noiz hasi, ordea?

18 urterekin hasi behar duzu. Normalean, adin horretan ez dira kontziente, baina zurrumurru bat eduki behar da. Oso prozesu luzea eta zaila izaten da, baina aldez aurretik informazio guztia baduzu eta pixkanaka gauzak egiten joaten bazara, bide hori sendoa eta ona izango da, ziur aski.

Nola jarri daitezke harremanetan gazteak zuekin?

Labur.eus/frdmgo2l atarian daude gure kontsulta-bideak: Whatsapp, posta elektronikoa eta komunitatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak