EAJk "adarjotzetzat" jo du EH Bilduk Novedades zenaren bueltan proposatutako parte-hartze prozesua

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko otsailaren 26a

Udal gobernuak Novedadeseko sarbideko hirigintza-elementuei buruzko partaidetza prozesua bultzatzea kritikatu dute jeltzaleek.

Novedadeseko etxebizitza berrietarako garajeetako sarbidearen kokapenak eztabaidagai izaten jarraitzen du EAJren eta EH Bilduren artean. Jeltzaleek jakinarazi dutenez, Udal Gobernuak parte-hartze prozesu bat proposatu du, "Gobernuak alde bakarretik erabaki duen sarbide baten hirigintza elementuak erabakitzeko". Gogor kritikatu dute: "Adarjotzea iruditu zaigu, herriaren zerbitzura dagoen edozein agintariren mailarik ez duena". Diotenez, Udal Gobernuak enpresa bat kontratatzea erabaki du partaidetza-prozesua egiteko, "trafikoa Ikerlekutik joateko erabaki mugiezinarekin. Haiek erabakia hartu dute, eta orain, zer erabakiko dute bizilagunek? Loreontzien kolorea, lore- edo zuhaitz-espezieak jarri beharreko eserlekuak? Semaforoari beste kolore bat gehitu behar bazaio, edo, agian, banaketako zenbat furgoneta pasatuko diren egunean Novedadesen etxabeetako negozio berrietara?". Gehitu dute, ez datozela bat "parte-hartze prozesuaren fartsa horrekin, ez dituztelako errespetatzen Bergarako herritarrak, ezta herritar guztiak ere".

Udal Gobernuak "prozesu sakonagoa" izango dela dio, baina, gaur gaurkoz, ez du xehetasun gehiagorik eman.

EAJren alternatibak

Jeltzaleen esanetan, duela aste pare bat, Hirigintza batzordean EAJren proposamenari buruzko txostena aurkeztu zuten teknikariek, "aparkaleku publikoaren egungo sarbidearen ondoan Novedadesen eraikinerako sarbidea ez egiteko". Jeltzaleek bideragarri ikusten dute sarbidea Ibargaraiko aparkaleku publikorako egungo sarrera aprobetxatuta egitea; Seminarioko patiora, egun obretarako bidera pasoa eginez, eta handik Osteta kantoiaren azpitik sartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak