Haurren Kontseilua sortu dute Bergaran

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko otsailaren 24a

Haurren Kontseiluaren sustatzaileak. (Argazkia: B.U.).

Bergarako Herri Hezitzaileak, herriko ludotekak, Jardun Euskara Elkarteak eta Udalak elkarlanean martxan jarri duten ekimena da, eta Oinherriren G(h)aurki metodologia erabili dute proiektua diseinatzeko. Haurren ahotsa "erdigunean" jarri nahi dute, haien iritziak eta kezkak modu antolatuan jasotzeko eta herriaren egunerokoan islatzeko helburuarekin.

Aranzadi, Mariaren Lagundia eta San Martin ikastetxeetako LH4 eta LH5 mailako ikasleak dira kontseilukideak. Udaletik adierazi zutenez, parte hartzeko aukera ikasle guztiei zabaldu zitzaien, eta izena eman zutenen artean zozketa bidez hautatu dira kideak. Otsailaren 11n egin zuten lehendabiziko bilera, eta elkar ezagutzeko eta haurrek zein gairi erreparatzen dioten ezagutzeko baliatu zuten. Aurreratu dutenez, bilerak hilean behin egingo dituzte.

"Haurrak entzutea ez da soilik hezkuntza-prozesuaren ondorio: eskubide bat da, eta, aldi berean, haurrak iritzia izaten eta hori modu naturalean partekatzen ohitzeko tresna. Gainera, parte hartzeak haurren erantzunkidetasuna, gizartearekiko lotura eta ikuspegi propioa garatzeko gaitasuna ere lantzen ditu. Bestalde, haurren ikuspegiak sarri guraso edo helduok kontuan hartzen ez ditugun errealitateak azaleratzen ditu", azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak