Bergarak hartuko du, ostegunean, aurtengo Laburbiraren aurrestreinaldia

Txomin Madina Milikua 2026ko otsailaren 23a

Seminarixoan izango da Laburbiraren XXIII. ediziorako hautatu dituzten askotariko zazpi film-laburren aurreneko emanaldia. 18:30etan hasiko da 80 minutuko iraupena duen bildumaren proiekzioa. Aukeratutako pelikulen zuzendariak ere bertan egongo dira.

32 film labur aurkeztu dira aurten XXIII. edizioa izango duen Laburbira ekimenera, eta horietako zazpi aukeratu dituzte datozen asteotan herriz herri erakusteko. "Orotara, 80 minutuko film-labur sorta osatu da, ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz. Denetariko lanak aurkitu daitezke bertan, eduki zein estiloz, horietako asko jada zenbait zine jaialditan saritutakoak", azaldu dute ekimenaren bultzatzailea den Taupa euskaltzaleen mugimendutik.

Herriz herriko ibilbide hori hasi aurretik, baina, Bergaran egingo dute aurrestreinaldia ostegun honetan, otsailaren 26an. 18:30 hasiko da emanaldia, Seminarixoan. Bertan, film laburretako zuzendariekin batera, Laburbiraren XXIII. edizioko xehetasunak ere aurkeztuko dituzte.

Hauke dira aurtengo Laburbiran erakutsiko diren pelikulak:

  • Olentzerori eskatu  nion (Amaia San Sebastian Larzabal)
  • Erreka zoko hortan (Ekaitz Bertiz)
  • Fischy (June Asua Olabarria)
  • A-Maniki (Elixabet Nuñez)
  • Geratzen den hori (Aitor Gametxo Zabala)
  • Orain zer? (Aihnoa Urgoitia)
  • Hortzikara (Ane Cuesta)

Herrietako emanaldiak

Zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanaz  euskal zinemagintza hauspotzea eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea. Horiek dira Taupa euskaltzaleen mugimenduak Laburbirarekin lortu gura ditun bi helburuak eta bertatik gogorarazi dutenez, edozein herritan egin  daitezke emanaldiak. Hala, emanaldi bat antolatu gura dutenek otsailaren amaierara arte egin ahalko dute horretarako eskaria webgune honetan. Martxoaren 1etik 29ra bitartean izan beharko dira emanaldiak . Horretaz gain, sortzaile eta ikusleen arteko harremana erraztu eta sendotu asmoz, zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere badago proiekzioaren barruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak