Azoka, tailerrak eta beste aurtengo Erramu-zapatuan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko otsailaren 23a

Iazko Erramu-zapatuko une bat. (Argazkia: GOIENA).

Martxoaren 28an ospatuko dute Erramu-zapatua Bergaran, eta Udalak dagoeneko prest dauka egitaraua. Goizean zehar feriaz, tailerrez, erakusketez eta musikaz gozatzeko aukera egongo da eta arratsaldean, herri kirolen txanda izango da. Gainera, Erramu-zapatu goizean, Korrikak Bergara zeharkatuko du, eta iluntzean, kontzertuan antolatu dituzte Munibe Plazan, Korrika Kulturalaren baitan.

Egun berezia izan ohi da Erramu-zapatua bergararrendako, eta aurten ere jai giroan ibiltzeko aukera izango dute martxoaren 28an, orduan ospatuko baita Erramu-zapatua. Hala ere, bezperan, martxoaren 27an, ere izango da zertaz gozatu. 18:30ean, euskal dantzen emanaldia eskainiko dute Bergarako Musika Eskolako dantzari eta fanfarreak Seminarioko karpan, eta 20:00etan, Erramu-zapatu bezperako bertso-saioa izango da Seminarixoan. Beñat Gaztelumendi, Oihana Bartra, Julio Soto eta Ane Zuazubiskar igoko dira oholtzara, eta sarrerak dagoeneko salgai daude zortzi eurotan, www.seminarixoa.eus atarian.

Erramu-zapatuan 09:00etan zabalduko dute feria eta Ibargarai kalean jarriko dituzte abelburuak; Ibargarain eta Simon Arrieta plazan, elikagai postuak; San Martin plazan, artisau eta Eusko Laber karrillera pintxoen postuak, eta Seminarioko patioan, makinaria, burgindegiak, landare erakusketa eta talo postua.

Egitaraua, osorik

Honakoa da martxoaren 27rako eta 28rako Bergarako Udalak antolatu duen egitaraua:

Martxoak 27, egubakoitza

  • 18:30 Euskal dantzen emanaldia, Bergarako Musika Eskolako dantzari eta fanfarrearekin Seminarioko karpan.
  • 20:00 Bertso-saioa, Seminarixoan. Bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Oihana Bartra, Julio Soto eta Ane Zuazubiskar. Gai-jartzailea: Txinbo.

Martxoak 28, zapatua

  • 06:30 Korrika.
  • 09:00 Feria irekitzea.
  • Goiz osoan zehar:
    • Kalejira, Bergarako Musika eta Dantza Eskolako trikitilariekin.
    • Jardunen txorimalo ibiltaria: Zuk zer ale emango zenioke euskarari?
    • Sualai Forja lanaren erakusketa zuzenean, Iker Gabilondoren eskutik, Munibe plazan.
    • Artilearen tailer parte-hartzailea, Artilan, Nagore Intxaustiren eskutik, San Martin plazan.
    • Lagundu diezaiegun erleei, hazi bolen bitartez erleen etorkizuna gure esku. Azalpenak Erlantz Olabarriaren eskutik, San Martin plazan.
  • 10:30 Sukaldaritza zuzenean Elikaenearen eskutik, San Martin plazan.
  • 11:30 Sendabelarrekin kolpeentzako Stick-a egiteko tailerra, Ekoudalatx Mintegi Ekologikoaren eskutik, San Martin plazan.
  • 12:00 Aurtizko joaldunak Bergarako kaleetan.
  • 15:00 Herri bazkaria udal pilotalekuan. Antolatzailea: Xaxau eta Txapa irratia. Laguntzailea: Bergarako Udala. Ondoren, kale-animazioa Erramu Txarangarekin.
  • 17:30 Herri kirolen saio-parte-hartzailea Seminarioko patioan.
  • 20:00 Kontzertuak Munibe plazan (Korrika kulturala).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak