'Play-off' postuengatik lehian ibiliko dira bergararrak eta oñatiarrak zapatuan

Julen Murua Mesonero 2026ko otsailaren 20a

Josu Erdabide, iazko Labegaraietako partidako gol bat ospatzen.

Sailkapenean bi puntuko aldea dago Soraluze BKE eta Aloña Mendiren artean.

Sailkapena estu baino estuago dago eskubaloiko senior gizonezkoen lehenengo mailan, eta Debagoieneko hiru taldeak playoff postuengatik lehian ari dira. Lehia horretan, Soraluce BKEk eta Fagor Professional Aloña Mendik partidu garrantzitsua jokatuko dute bihar, Labegaraietan, 17:30ean hasita.

Derbiak, beti derbi

Ligako azkenengo partidua galdu duten arren –Txingudiren aurka, 31-24–, bolada onean daude mahoneroak; izan ere, hiru partidu jarraian irabaztetik iritsi ziren irundarren aurkako lehiara. Taldeko entrenatzaile Joseba Elorzak dioenez, "oso partidu eskasa" izan zen azkena, eta sentsazio onak berreskuratzeko asmoz kantxaratuko dira Labegaraietako kiroldegian. "Hiru partidu jarraian irabaztetik iritsi ginen norgehiagokara, eta pena izan zen bolada hari jarraipenik ez ematea. Guztia gaizki irten zitzaigun eta sentsazio txarrekin bukatu genuen. Esango nuke, kasu honetan, astebeteko geldialdia nahiko ondo etorri zaigula, baina ez diot aparteko garrantzirik ematen horri", gaineratu du.

Partidu gogorra espero du Elorzak, derbiak normalean izaten diren bezalakoak. Joaneko partiduan 23-24 irabazi zuten bergararrek, Zubikoan, baina entrenatzaileak dio oso partidu ezberdina izan daitekeela biharkoa: "Hiru hilabetean asko aldatzen dira gauzak: jokalarien errendimendua, min hartutakoak berreskuratu... edozer gauza izan daiteke. Gainera, hamaika jardunaldi egon dira tartean, eta jokatzeko moduak eta sentsazioak ere asko alda daitezke partida honi begira". Bi puntuko aldea dago bi taldeen artean, eta partida parekatua izatea aurreikusten dute. Irabaziz gero, alde garrantzitsua lortuko lukete oñatiarrekiko; galduz gero, berriz, sailkapena are berdinduago geldituko litzateke.

'Play-off' postuak helburu

Sailkapeneko seigarren postuan dago, gaur-gaurkoz, Soraluce BKE taldea, eta mahoneroen helburua da, gutxienez, datozen jardunaldietan postu horri eustea. "Sei jardunaldi falta dira, eta espero dugu lehenengo sei talde onenen artean gelditzea liga amaitzerako. Oso berdinduta dago guztia; Arrasate puntu bakarrera dago eta Aloña Mendi, bi puntura", azaldu du entrenatzaileak. Izan ere, ligan lehenengo sei postuetan gelditzen diren taldeek izango dute mailaz igotzeko aukera, Arabako eta Bizkaiko talde onenen aurka jokatuta. "Ligako lehenengo bi taldeak sailkatuko dira arabarren eta bizkaitarren aurkako txapelketa txiki baterako, zeinean erabakiko den zein taldek lortuko duten igoera. Horren aurretik, baina, gure ligan hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatu diren lau taldeek jokatuko dute beste txapelketa txiki bat. Txapelketa horretako irabazleak jokatuko du, lehenengo bi sailkatuekin batera, mailaz igotzeko txapelketa", azaldu du Soraluze BKEko entrenatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak