Bergarako Osasun Mahaiak erronka berriak ditu esku artean

Hasier Larrea 2026ko otsailaren 20a

Pasa den azaroko Bergara Oinez ekimeneko argazki bat.

Udaleko arlo ezberdinak, osasun zentroko ordezkariak, hezkuntza komunitatea eta herriko elkarteak asteon bildu dira Bergara mailan osasuna, jarduera fisikoa eta ongizatea sustatzeko martxan dauden programen balorazioa egiteko. Egindakoaz pozik daude, eta 2026rako egitasmo berriak garatzeko gogoz.

Bergarako Osasun Mahaiak hainbat esparrutan eragiten du, hala-nola Bergara Oinez ekimenean, Kirol Orientazio Zerbitzuan, Bidegorri sarean, Prebentzio eta ongizaterako saioetan eta Jabekuntza Eskolan zein Txoko Feministan. Horien iazko errepasoa eta aurrera begirako erronkak izan dituzte mintzagai mahaiko partaideek.

Bergara Oinez ekimenean, esaterako, 2025ean 15 irteera egin zituzten eta guztira 519 pertsonak hartu zuten parte. "Ibilbideek urtez urte duten jarraikortasuna eta herriko elkarte ezberdinen laguntza" nabarmendu dira. Era berean, 2026rako egutegia zehaztu dute, martxoaren amaieratik azarora arteko irteerekin: irteera guztiak 10:00etan izango dira, Agorrosin izango da abiapuntu eta helmuga, eta eguraldi txarrarekin gimnasia saioak eskainiko dira.

Kirol Orientazio Zerbitzuan "egonkortzea" igarri dute mahaiko kideek. Iaz 256 erabiltzaile izan zituen, aurreko urteetako datuen ildotik. Zerbitzua
osasun-profesionalek bideratuta nahiz herritarrek euren ekimenez erabiltzen dute, eta bileran nabarmendu da jarduera fisikoa sustatzeko "tresna eraginkorra" dela.

Bidegorri sareari dagokionez, Bergara eta Antzuola arteko lotura udaberrirako amaituta egongo dela eta, eskualdeko herrien arteko mugikortasun osasungarria indartuko duelakoan daude. Egungo sareko puntu beltzen jarraipena eta hobekuntza egitea da etxeko lanetako bat.

Bestetik, hainbat izan dira prebentzio eta ongizatera bideratutako saioak. Horietako bost jarri dituzte lehen lerroan: erorikoen prebentziorako tailerra –2026an apirilean egitea aurreikusi dute–; lehen sorospenak, sexu heziketa eta osasun prebentzioa ikastetxeetan; haurren elikadurari eta zaintzari buruzko saioak gurasoentzat; Cuidando tu corazón programa, hipertentsioa duten pertsonentzat; eta bero-kolpearen prebentzioa eta babesgune klimatikoen inguruko informazioa.

Emakumeen saretzea helburu

Genero ikuspegitik, emakumeen ongizate fisiko eta emozionala lantzeko programazioa aurkeztu da Osasun Mahaian. Horretarako, osasun zentroarekin koordinazioa handitu nahi da herriko emakumeak programetara bideratzeko. Gainera, udazkenerako Txoko Feminista martxan egotea aurreikusten denez, sinergia horiek baliatuko direla azpimarratu dute udal arduradunek. Horrez gain, udalerrian indarkeria matxista jasan duten emakumeei arreta koordinatua eta eraginkorra eskaintzeko sinatutako protokoloaren garapena aurkeztu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak