Agurtzane Intxaurragak zuzenduta, Aitor Beltran, Dorleta Urretabizkaia, Iñigo Gastesi, Kandido Uranga eta Jon Olivares osintxuarra dira antzerkiko aktoreak. Enpresa baten jabe diren lau lankideren arteko istorioa kotatzen da, non Ogasuneko inspekzio baten ondorioz zazpi urtez kartzelara joan behar duten, baldintza batekin: lauretatik batek bakarrik jasoko duela espetxe zigorra.
Hala, galderak sortzen dira lankideen artean; izan ere, norberak kartzelara sartzea gertu ikusten duenean laguntasuna galdu egiten da, eta nork bere burua salbu uzteko besteen trapu zaharrak ateratzen ditu; giro ona zegoen ingurua guztiz aldatuko da.
Etxean izango da Olivares
Biharko antzezlanarekin Bergaran izango da Olivares, eta Seminarixoan antzezteko eta etxera bueltatzeko "gogo handia" duela adierazi du osintxuarrak: "Deseatzen nago Bergaran egoteko eta lagunekin topo egiteko. Orain arte zortea izan dut, Euskal Herrian egindako antzerki guztiak Bergaran antzezteko aukera izan dudalako. Lehen, bertara joaten nintzen amateur modura, eta orain bigarren aldiz joango naiz antzerkigintzako profesional gisa".
Urtarrilaren 26an estreinatu zen Vidania ekoiztetxearen '7 urte' antzezlana
Duela bi urte, Iñigo Gastesi ekoizpen exekutiboko arduraduna harremanetan jarri zen Olivaresekin proiektu berri baten inguruan hitz egiteko: "Harekin lan egitea eskaini zidan, eta gidoia irakurri nuenean gaia oso interesgarria zela iruditu zitzaidan".
Proiektua forma hartzen hasi zen iazko azaroan, eta, "denbora gutxian lan asko" egin behar izan bada ere, lantze prozesua azkarra bezain polita izan dela dio osintxuarrak: "Lanketa prozesua oso azkarra izan da guretzat, baina, azken finean, antzerki munduan esperientzia daukagun aktoreak gara. Ondo jakin dugu behar zen unean hortzak estutzen. Gainera, zuzendariak esperientzia handia dauka, eta elkarri erakustea, elkar elikatzea eta ikastea lortu dugu".
Eskarmentu handiko aktoreak
Euskal Herriko antzerkigintzako eta zinemagintzako eskarmentu handiko aktore ugari batzen ditu 7 urte antzerkiak, eta haiekin lan egitea oso polita izan dela adierazi du Olivaresek: "Taupada antzerki taldean egindako hastapen garaietara bueltatzea bezala izan da lanketa. Jende asko ezagutu dut, eta plazera eta ohorea da haiekin lan egitea eta haiengandik ikastea".
Osintxuarrak azaldu duenez, Seminarixokoaz gain, badituzte beste emanaldi batzuk lotuta. "Proiektuaren lanketa prozesua oso azkarra izateak emanaldiak lotzeko orduan eragina izan badu ere, beste hainbat antzezlekutan izango gara 2026an". Hurrengo hitzorduei dagokienez, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan (otsailak 27) eta Hondarribian (martxoak 29) taularatuko dute antzezlana. Horrez gain, azaroan Donostian
eta Leitzan izango dira.