Ikusle eta kirolari onaren dekalogoak sortu ditu Bergarako Udalak

Koldo Zubia Salas 2026ko otsailaren 19a

Bergarako Udaleko eta kirol taldeetako ordezkariak. Argazkia: Bergarako Udala.

Ikusle onaren dekalogoa eta kirolari onaren dekalogoa sortu ditu Bergarako Udalak, herriko kirol talde guztiekin elkarlanean. Kirol-jardueretan "errespetua, bizikidetza eta jokaera egokia" sustatzeko helburua dute bi gidek.

Bergarako Udalak adierazi duenez gida hauek "herriko kirol instalazioetan erabiliko dira hemendik aurrera", eta, honekin, kantxan zein harmailetan "giro osasuntsua eta hezitzailea" sustatzea da helburua.

Ikusle onaren dekalogoa

Errespetuzko jarreraren alde egiten du ikusleei zuzendutako dokumentuak, eta honako alderdiak dira nabarmentzekoak:

  • Jokalari eta talde guztiak errespetatzea.
  • Epaileen lana eta erabakiak onartzea.
  • Instalazioak zaintzea eta garbi mantentzea.
  • Aurkaria ez gutxiestea eta ospakizunak neurrian egitea.
  • Gazte eta haurrentzat jokabide eredugarria izatea.
  • Ekintza onak txalotzea, baita aurkarienak ere.
  • Kritikak saihestu eta entrenatzaileen lana baloratzea.
  • Jokabide desegokiak gaitzestea eta kiroltasuna sustatzea.

Kirolari onaren dekalogoa

Kirolaren dimentsio hezitzailea azpimarratzen du kirolarientzako dekalogoak, eta honako balioak jasotzen ditu:

  • Kirola ikasteko eta hazteko bide gisa ulertzea.
  • Esfortzua eta prozesua balioestea.
  • Joko garbia eta arauak betetzea.
  • Taldekideak, aurkariak eta epaileak beharrezkoak direla aitortzea.
  • Probokazioak eta ospakizun gehiegizkoak saihestea.
  • Lankidetza eta adiskidetasuna sustatzea.
  • Irabazten eta galtzen jakitea, umiltasun eta kiroltasunez.
  • Araudia betetzea, tranparik egin gabe.
  • Taldea animatzea, beti errespetuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak