Bergarako Udalak adimen artifizialari buruzko jardunaldia antolatu du

Eki Letona Erretolatza 2026ko otsailaren 19a

Bergarako Udalak adimen artifizialaren inguruko jardunaldi praktiko bat antolatu du herriko merkatarientzat, martxoaren 2an, Irizar Jauregian. Saioa doakoa izango da, baina parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, plaza mugatuak direlako.

Adimen artifizialaren gorakada etengabekoa dela eta, udal ordezkariek nabarmendu dute tresna hau gero eta eskuragarriagoa eta erabilgarriagoa dela negozio txikientzat. Horregatik, 2 orduko saio honetan merkatariek aukera izango dute tresnaren oinarriak ulertzeko eta eguneroko lanean aplikatzeko moduak ezagutzeko, inolako ezagutza tekniko berezirik gabe. Jardunaldia 14:30etik 16:30era izango da, euskaraz, eta Nerea Oyarzabal, Gipuzkoako Ingeniaritza Industrialeko Elkargoko OAP teknikaria, izango da hizlaria.

Prestakuntzan zehar, parte hartzaileek Adimen Artifiziala zer den eta nola funtzionatzen duen azalpen ulerterrazez jasoko dute. Gainera, ChatGPT, NotebookLM eta Gemini tresnen bidez egindako adibide eta erakustaldi praktikoen bitartez, negozio txikietan izan ditzaketen aplikazioak ezagutuko dituzte. Gainera, saioaren barruan adimen artifizialaren erabilera arduratsua landuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak