Ez dago elkarrizketa hasteko modu aproposagorik, "zer moduz zaudete?" galdetuta baino.
Oso ondo nago, eskerrik asko!
Belaunaldi bat markatu zuen esaldi horrek; esaten jarraitzen duzu?
Bai, horixe! Aragon familiaren nortasun agiria da "zer moduz zaudete?" agurra; kar-kar.
Noiz esan zenuten estreinakoz?
Osaba Gabyk esan zuen lehenengo aldiz, 1947an, La Habanan.
Eta zuk?
Ameriketako Estatu Batuetako bira egin ondoren, 1975ean, San Juanen (Puerto Rico).
Zirku-familiakoa zara; hain justu, Foforen semea eta Gabyren eta Milikiren loba. Hastapenetako ze oroitzapen dituzu?
Oso politak. AEBetan hasi nintzen, eta Puerto Ricora, Mexikora eta Venezuelara joan ginen ondoren. Kanadatik Argentinaraino ibilitakoa naiz, zezen-plazetan, dantzalekuetan eta kontratatzen gintuzten toki guztietan ikuskizunak egiten.
70eko hamarkadan, Telebistako pailazoak bilakatu zineten gero.
1972. urtean heldu ginen Espainiara, eta telebistako hamabi saio egin genituen; Mexikora joan ginen gero, eta, hango lanak bukatu ondoren Espainiara itzuli ginenean, saio gehiago egiteko proposatu ziguten, eta hamabi urtez izan ginen telebistan.
"Kantu berri asko ditudan arren, publikoak betiko 'Susanita', 'Hola Don Pepito'... gura ditu"
Nola jarraitu zuen Fofitoren bizitzak?
Fofo falta zen, eta nire lehengusu Emilio Mikilito sartu genuen laukotea osatzeko, eta Emilioren tokia, gero, nire anaia Rody-k hartu zuen.
Ez duzu sekula zirkua utzi?
Ez, bizitza osoa daroat. Urtebetez bakarrik utzi nuen, ebakuntza bat egin zidatelako, eta Viva el circo ikuskizunarekin itzuli nintzen orain dela urte eta erdi.
Zelan sentitzen zara ikuskizunean?
Oso ondo, oso eroso; kontuan izan zirkuko aitonatxoa naizela eta gaur egin dauden neska-mutikoak, sekulako artistak, haurrak zirela hasi zirela nirekin; beraz, niretzako nire ilobak bezalakoak dira.
Kantu berak abesten jarraitzen duzu?
Bai; publikoak eskatzen dizkit! Kantu berri pila bat ditut, baina zer nahi duten galdetzen diedanean ikus-entzuleei, Susanita, Auto nuevo, Hola Don Pepito... eskatzen dizkidate.

Beraz, oraindik ez direla modaz pasatu esan dezakegu?
Ez dira modaz pasatu, ez, eta polita da beste herrialde batzuetan ere gauza bera pasatzen dela ikustea.
Zelakoa da zirkuko bizitza?
Txarrena eguraldia da, gogorra da; zirkua beti dago eguraldiaren aurka borrokan. Gaur egungo azpiegiturek, baina, ez dute garai batekoekin zerikusirik. Zortea dugu: gaur egun gurekin bidaiatzen duten karabanek sauna, aire girotua, gimnasioa, ohe handiak, sukaldea... dituzte. Ez da lehen moduan, gurdiekin bidaiatzen genuela. Eta nik dudan zortea da egun baten frantziarren karabanara banoa Frantziako janaria jaten dudala; italiarren etxera joaten banaiz, janari italiarra; eta Portugesen karabanara joaten banaiz, bakailaoa. Beraz, ederto bizi naiz!
"Eguraldiaren aurka borrokan ibiltzea da zirkuko txarrena, beste guztia ederra da; zortekoa naiz"
Zein da zure papera Viva el circo ikuskizunean?
Nire lana kantuekin eta jolasekin publikoa entretenitzea da, lankideek trapezioa edo bestelako aparatuak muntatzen dituzten tarteetan. Denetarik daukan ikuskizuna da: trapezistak, magoak, malabaristak; hau da, zirku purua den guztia. Horrez gainera, nirekin koreografiak egiten dituen balleta dago, eta sekulako arrakasta duen argi-laserren saio bat ere bai; musika eta argiztapen ikuskizuna da hori, eta pentsatzen nuen ez zuela arrakasta handirik izango, baina konturatu naiz txalorik handienak eroaten dituela atal horrek. Bi ordu inguru irauten du, eta saiatu gara aitona-amonek, gurasoek eta haurrek ere gozatzeko moduko espektakulua egiten. Teknikari guztiak batuta, 80 bat laguneko taldea gara.
Gauetan beldurrezko ikuskizuna egiten dute zure lankideek.
Bi ordu irauten du horrek ere, eta publikoa, karpan sartu orduko, oihu baten hasten da. Ordurako, ni nire karabanan izaten naiz.
Hizkuntza askotan egin duzu lan. Euskaraz hitzen bat ikasi duzu?
Bai: eskerrik asko, eta zer moduz ere bai; kar-kar.
Gure Zirkua ezagutzen duzu?
Bai, ezagutzen dut. Zirku horretako kide batzuk gure ikuskizuna ikustera etorri ziren orain dela aste batzuk, Errenteriara. Oso jatorrak dira, eta gustatu egin zaie gure espektakulua.
77 urte dituzu; erretiroa hartzeko presarik ez?
Nire familiak hala gura du, baina zirkuak niri bizitza ematen dit eta ez dut utzi gura. Fofito izatearen gogorrena maleta egitea eta desegitea da; kar-kar.
Zoriontsu zara?
Bai; Jainkoari eskerrak, oso zoriontsua eta zortekoa naiz, egia esan.