Bergarako Udalak etxebizitza merkatu tentsionatu izateko eskaera egin du Eusko Jaurlaritzan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko otsailaren 16a

Bergarako alkate Gorka Artola eta Hirigintza zinegotzi Markel Azkargorta, Lakuan. (Argazkia: B.U.).

Bergarako alkate Gorka Artola eta Hirigintza zinegotzi Markel Azkargorta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendari Mario Yoldirekin bildu dira gaur goizean Lakuan, Bergara Etxebizitza Merkatuko Tentsio Eremu gisa izendatzeko eskaera aurkezteko. Jaurlaritzak udal diagnostikoa eta justifikazio memoria aztertuko ditu. Onartuz gero, Udalak aurreikusten du 2026an lehen neurriak martxan jartzea.

Udalak adierazi duenez gaur goizeko bilera azken hilabeteetan landu den azterketa eta plangintzaren ondorioa da, eta etxebizitza eskuragarritasuna hobetzea du helburu. Udalak egindako diagnostikotik hainbat datu nabarmendu ditu: azken urteetako alokairuen prezio igoera eta herritarrek egin beharreko ahalegina handitzea; 790 etxebizitza huts daude erroldatuta Bergaran, parkearen %10etik gora; etxebizitza parkea zaharkitua da, batez beste, 47,6 urteko antzinatasunarekin eta irisgarritasun arazoak ohikoak dira eraikin askotan, eta, biztanleria galera, gazteen emantzipazio zailtasunak, eta etxebizitza txikien eskari hazkorra.

Gorka Artolaren hitzetan, nabarmena da etxebizitza alokatzeko eta erosteko prezioak asko igo direla, aukerak gutxi dira, eta "sekulako zailtasunak dituzte herritarrek etxebizitza duin baterako sarbidea edukitzeko. Horretan pausoak eman behar ditugu. Gaurkoan, horren inguruko aukerak aztertu eta aurrera begirako pausoak adosteko saiakera egin dugu".

Udaletik azpimarratu dute, Bergarako kasuan, alokairu-errentak 2018-2013 epealdian izandako hazkundeak (%21,7) 5,2 puntutan gainditzen duela KPIaren hankundea. Artolak azaldu du izendapen hau ez dela "helburu politiko hutsa", baizik eta "herritarrek etxebizitza eskuratzeko duten eskubidea bermatzeko tresna praktikoa" dela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak