Burdinolak ez ditu emaitzak alde izan, indartsu dagoela erakutsi duen arren

Goiatz Arana Begiristain 2026ko otsailaren 15a

Hockeyko Espainiako Ligako Gazte Elite mailako hirugarren eta laugarren jardunaldietako partidak jokatu zituzten atzo, Labegaraietako kiroldegian, eta Burdinolak ez zuen punturik lortzerik izan: 2-5 emaitzarekin galdu zuen goizean CPL Valladoliden kontra; eta 0-6koarekin arratsaldean, Madrilgo Tres Cantos PC Asquasen aurka.

"Emaitzak ez dira aldekoak izan, baina taldea indartsu egon da: lehen partiduan oso ondo jokatu dugu eta bigarrenean ere bai, baina besteak gehiago izan dira", azaldu zuen Burdinolako zuzendaritza taldeko Nagore Iñurrategik. 

Pozik azaldu ziren jokalariak ere egindako jokoarekin, nahiz eta adierazi zuten badutela zer hobetu: "Ez dugu asmatu paseetan, talde-konexioa falta izan zaigu", zihoen Oihan Ruiz de Eginok; eta "defentsan ez gara behar bezain fin ibili", erantsi zuen Eneko Muñozek. Oro har, gusturago geratu ziren goizeko norgehiagokarekin: "Lasaiagoa izan da. Arratsaldekoa joan, etorri, joan, etorri... oso azkarra izan da", zihoen Muñozek. 

Espainiako Ligan taldeen maila oso ona da, eta, kategoriari eustekotan, Burdinolako gazteek gauzak ondo egin beharko dituzte datozen partiduetan: "Gaur bertan hemen izan diren taldeak esperientziadunak dira eta oso ondo jokatzen dute. Hiru partidu geratzen zaizkigu, eta irabazi egin behar ditugu maila mantentzekotan; azken biak errazak izango direla uste dugu, baina lehena gogorragoa izango da eta saiatuko gara eusten".

Atzokoak balio izan zien gustatzen zaiena eginez gozatzeko, eta baita datorrenari begira ikasteko ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak