Txirrindulari profesional moduan egindako azken urtean izandako anekdotekin liburu bat idatzi ahal izango luke Jokin Etxabek (Bergara, 1994). Kontua da egun anekdotak direnak orduan amesgaizto eta burukominak izan zirela. Eta, hala ere, profesional mailan egindako tarte laburretik oroitzapen onak gordetzen ditu; bereziki, Seguros Bilbao taldetik AEBetako Aevolora salto egin zuen lehenengo urtekoa. "Taldeko arduradunetako baten etxean izan nintzen han, familiakoak izango balira bezala; ederto hartu ninduten. Gaur bertan, orduko taldekide amerikar batekin izan naiz telefonoz berbetan; gehienak bertakoak ziren, ni nintzen kanpotar bakarretakoa". Jarraian, lizentzia japoniarra zuen Interpro taldeak fitxatu zuen, eta, tira, han okertu zen ibilbide profesionala. Bizi izandakoez nekatuta, bizikleta zintzilikatu zuen. Elkarrizketa honetako abiapuntua domekako garaipena da, eta zelan kirolak sarritan barruko sentipenak askatzeko balio izaten duen. Baita halako elkarrizketek ere.
Domekan erabat hunkituta gurutzatu zenuen Zestoako helmuga...
Bai, egia da... Iaz aita hil zitzaigun; etxekoondako kolpe oso gogorra izan zen, ezustean joan zelako, eta ez zen izan urte batere erraza. Anaia eta biok gogor entrenatzen ibili ginen lasterketaren bat irabazi eta aitari eskaintzeko. Baina gogor entrenatuta ere gorputzak ezetz esaten zigun; buruak ezetz esaten duenean, inoiz baino gehiago zainduta ere... Ezinean ibili ginen. Aurten, ordea, lasaiago egongo garelako edo, badirudi gorputza erantzuten hasi dela. Polita izan zen lasterketa irabazi eta aitari eskaintzea, emozioak gainezka egin zidan. Anaia [Beñat Etxabe, hura ere ziklista ohia] ere nirekin izan zen lasterketan, aurrean zetorren hura ere, giharretako arazoren bat izan zuen arte. Motibatuta dabil hura ere.
"Aitak gure kirol ibilbide osoan gertutik jarraitu gaitu, hor egon izan da beti"
Emozioak askatu eta barrenak husteko ez dago lasterketa bat irabaztea modukorik.
Bai; kasu honetan halaxe izan zen. Gainera, aita lasterketa guztietara etortzen zen gurekin, umetan pilotan ibili ginen, baita krosean ere, eta aita ondoan izaten genuen. Heziketa Fisikoko irakaslea izan zen, eskola kirolaren bueltan ere saltsa askotan ibiltzen zen eta txirrindularitzan izan ginen urteetan ere ondoan izan genuen. Osaba ziklista profesionala izan zen –Miguel Bengoa–, eta gure etxeko mahaiaren bueltan ez zen beste gairik izaten... Azken batean, gure kirol ibilbidean ondoan izan dugu aita eta hunkitu egin nintzen, bai.
Garaipen osteko elkarrizketan nabarmendu zenuen ze zaila den Euskal Herrian lasterketa bat irabaztea...
Halaxe da, ez da batere erraza, maila nahiko handia izaten delako lasterketa gehienetan. Anaiari eta bioi maila polita egoten den lasterketetara joatea gustatzen zaigu, gu baino azkarragoak direnenekin indarrak neurtzera, horrek motibatzen gaitu, eta egia da oraingoan ez zeudela Larrea, Gontzal Murgoitio... eta halako lasterkariak. Haiek beste maila batean daude; Kobaz Koban haien hutsunea baliatu dugu lasterketa irabazi ahal izateko; kar-kar.
"Ileak tente jartzen dizkizun lasterketa horietakoa da Aloñako Igoera, zaleengatik"
Aurten baduzue erronka potolorik?
Hasteko, gaur egun hemengo lasterketetan dortsal bat lortzea ez pentsa erraza denik, nahikoa buruhauste izaten da. Otsailaren 22an Lezo-Jaizkibel lasterketara joango gara, eta guretako Aloñako Igoera da berezia. Ileak tente jartzen dizkizun lasterketa horietakoa da; ibilbidea ondo ezagutzen dugu, anaiari eta bioi asko gustatzen zaigulako paraje haietan entrenatzea, eta sekulako giroa egoten da. Eta, horrekin batera, Kolazino lasterketan [Bedia, Bizkaia] ere izango gara; Euskadiko Txapelketa egongo da han jokoan. Iaz, esaterako, Espainiako Txapelketan izan ginen, eta gure kabuz furgoneta hartu eta Frantzian egiten duten Skyraceko Gorges du Tarn [Tarneko arroila] lasterketara joan ginen. Halako nazioarteko lasterketa baten 22. egitea gauza ederra izan zen.
Otsailaren 21ean egingo dute bailarako denboraldiko lehen lasterketa, Antzuolako 8 Miliak. Badakizue zer den han aurrean egotea.
Bai, eta pena da, baina aurten ez gara izango; hain justu, hurrengo egunean izango gara Lezo-Jaizkibel lasterketan. Egia da sarritan hartu dugula parte Antzuolako lasterketan, baina, oraingoan, egutegia apur bat aldatu eta Jaizkibelgoa egitera animatu gara. Hondarribian lagunak ditugu, eta ondoren bazkaria dugu eurekin; tarteka, eskertzen da planak aldatu eta proba diferenteak egitea.
Lokatzako harrobikoa zara, eta egun jarraitzen duzu klubarekin harremana izaten. Gorlako Igoera indartzeko ahaleginetan ari zarete.
Bai; azken urteotan lasterketako zuzeneko emankizuna indartzen dihardugu, eta aurten ere koskatxo bat aurrera egin nahiko genuke. Horretarako baliabideak behar dira, eta hor ari gara... Udalaren babesa ere badugu; ea egun horretarako lasterketa polita antola dezakegun. Eta 2027an sorpresak egon daitezke.
Inoiz ez dizut galdetu; ziklista profesional izan zinen bi urtez, baina etxetik urrun. Geratu zitzaizun arantzarik?
Egia esan, txirrindularitzan egindako azken urtea ez zen ona izan, horregatik utzi nuen. Taldeko managerrarekin denetariko arazoak izan genituen, ez sinistekoak. Taldeak arazo ekonomikoak izan zituen, ez ziguten ordaintzen; salaketa jarri behar izan genuen, baina taldeak Japoniako lizentzia zeukan, eta horrek ez zituen gauzak errazten... Eta hemen ere bete ez ziren promes batzuk egin zizkiguten. Eskerrak etxekoei, gurasoek eraman zituzten kontu horiek guztiak guk burua errepidean izan genezan, baina ez zen egoera goxoa izan. Banituen Kontinental mailan jarraitzeko eskaintzak, baina, halakoak ikusita, txirrindularitza uztea erabaki nuen.
Eskerrak ikasketak bazenituztela...
Alde horretatik, gurasoek garbi utzi ziguten txirrindularitzan jarraitzeko baldintza zela ikasketekin jarraitzea, formatzen jarraitzea. Aitak harreman estua zuen Miguel Altuna institutuarekin eta bertako zuzendari Joxu Aranarekin; asko lagundu digu. Eta urte haietan hainbat ikasketa egin genituen.
MOTZEAN
Trailean edo txirrindularitzan, non sufritu duzu gehiago?
Trailean.
Bizikleta marka bat?
BMC edo Specialized.
Korrika egiteko zapatila gogokoenak?
La Sportiva.
Gravel bizikletak bai ala ez?
Ez, ez zaizkit bizikleta hibridoak gustatzen; kar-kar.
Ze lasterketa egingo zenuke nazioartean?
Dolomites Skyrace, Italian.
Noiz jantzi dituzu azkenekoz kulotak?
Arrabola egiteko, duela hilabete. Baina hilabeteak daramatzat bizikletan ibili gabe. Batzuetan, ziklistak ikusi eta inbidia ematen didate, baina segituan pasatzen zait.
Txirrindularitzako martxaren baten dortsalik janzteko asmorik?
Ez, beti pentsatu izan dut Quebrantahuesos eta halakoak, lasterketa modura hartuz gero, ziklista frustratuendako direla; kar-kar. Lasterketak nahi badituzu, lehiatu zaitez master kategorian. Nik nahiago dut lagunekin joan, mendatean sakatu eta ondoren ogitartekoa jateko ordubete hartu, lasai.
Janari bat?
Pasta karbonara erara.
Eta edateko?
aragardoa, Paulaner bat.