Urteko lehen ekintza iragarri du Lanbroa elkarteak hilaren 20rako

Gontzal Belategi Zubia 2026ko otsailaren 13a

Lanbroa elkarteak urrian antolatutako Juanjo Alvarezen hitzaldia. Argazkia: Lanbroa.

Xabi Oteroren Euskaldunak kanata Louisbourg 1744 liburua aurkeztuko dute datorren egubakoitzean, Irizar Jauregia. Ostean, afaria egingo dute Umore-Ona elkartean. Urte osorako ekimenak prestatzen dabiltzala ere iragarri dute.

Denboraldi berriari ekiteko gogotsu daude Lanbroa kultur elkarteko kideak, eta urteko lehen ekintza iragarri dute. Xabi Otero argazkilari, marrazkilari eta ilustratzailearen Euskaldunak Kanata Louisbourg 1744 liburuaren aurkezpena eta afaria izango da estreinako hitzordua. Otsailaren 20an egingo dute aurkezpena, Irizar jauregian, 20:00etan hasita, eta sarrera librea izango da. Afaria egun berean izango da, Umore-Ona elkartean. 18 euroko prezioa izango du, eta izen ematea 610 28 97 48 telefonoaren edo lanbroake.eus/hitzaldi-afariak atariaren bidez egin beharko da.

Elkarteko kide Andoni Larrañagak azaldu duenez, liburu aurkezpen bat egiten duten lehen aldia da. Liburuak Kanadaren eta euskaldunen artean egon den harremanean sakontzen du, eta, gaia ikusita, aurkezpena egiteko aukera ona zela iruditu zitzaien: "Xabi Otero ezagutu genuen. Hasiera batean, gaia pixka bat urruti gelditzen zitzaigula pentsatu genuen, baina, liburu bat argitaratu zuela ikusita, aurkezpen bezala egite pentsatu genuen, gaur arte ez dugu-eta inoiz egin".

Liburuak Jauzarrea elkarteak Louisbourg gotorlekuko leku historiko nazionalean duen euskal kultura programa du oinarri. Garai batean Cape Breton uhartean, koloniako biztanleen %20a zen euskalduna eta liburuak garai hartako bizitzaren interpretazioa erakusten du, 1744an girotuta. Elkarteko kideak azaldu duenez, liburuaren zati handi bat irudietan oinarritzen da, eta lau hizkuntzetan dago: Euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa. 

Urte osorako egitaraua

Liburu aurkezpena eta afaria urteko lehen ekintza izango den arren, Larrañagak jakinarazi du ez dela azkena izango. Oraindik ez dituzte ekintza eta hizlari guztiak lotuta, baina hamar bat ekintza egitea dute buruan eta hainbat gai jorratuko dituztela iragarri du, esaterako, Gaza eta Ekialde Hurbila, Txinak geopolitikan nola eragin duen, arkeologia eta historiaurrea, Santa Marina elizako eguzkitzea, foruen deuseztapenaren 150. urteurrena eta alkateen mugimenduaren 50. urteurrena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak